Asmakizun hondaezina

Urola Kostako Hitza 2013ko aza. 14a, 17:18

Ibon Odriozola, Soreasu kulturgunearen atarian. (ONINTZA LETE ARRIETA)

Apurtu ondoren zatiak elkar ukituz jarri, eta ordu batzuetan itsasi egiten den plastikoa asmatu du Ibon Odriozolak (Azpeitia, 1973). IK4 Cidetec enpresa gipuzkoarreko ikerlaria da, eta berak gidatutako taldeak sortu du material berria. Urola Kostako Hitza-k harekin egindako erreportajea dakar gaur, osteguna, Arkupean gehigarrian

"Donostian egin dugu aurkikuntza, baina aurrena mundu zabaleko hedabideek eman dute material honen berri, eta azkena iritsi da hona albistea". Hala irizten dio Ibon Odriozola ikerlari azpeitiarrak. Puskatu ondoren bera bakarrik itsasten den plastikoa sortu du IK4 Cidetec enpresako lan taldearekin batera, eta aurki Forbes aldizkarian agertzekoa ere bada. "Ez da munduko aberatsenen zerrendan nagoelako. Antza, aldizkariak badu zientziarentzat ere tartetxoa. Hor agertuko naiz ni", dio umoretsu. Komunikabideen arretaz gain, hainbat enpresarena ere eskuratu dute lan honekin. Izan ere, hainbat erabilera izan dezake plastiko berezi honek. Gainera, materiala merkea da, eta funtzionamendu errazekoa: apurtzen bada, puskatutako zatiak elkarren ondoan utzi besterik ez da egin behar, elkar ukitzen, eta egun baten ondoren gogor itsatsita geldituko da.

Polimeroa da plastikoaren osagai nagusia. "Polimeroak molekula luze-luzeak dira, espagetien antzera, baina mikroskopikoak dira, eta plastikoa da". Ezaugarriei dagokienez, plastiko horrek bere burua konpontzeko gaitasuna du giro tenperaturan, inolako katalizatzaile eta kanpo estimulurik gabe. "Bi ordu pasatakoan %80 itsatsita dago plastikoa, eta egun bat pasatakoan, %97».

Erreportajea osorik irakur daiteke Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Laboratoriotik sukalderaino

"Naturan daude munduko gauza bikainenak. Nik egin dudan sorkuntzarik ikaragarriena ez da polimero hau, nire bi alabak dira". Horiexek dira Ibon Odriozola ikerlari azpeitiarraren hitzak. Bakarrik itsasten den polimeroa sortu, eta nazioarteko hainbat hedabideri elkarrizketak eskaintzen ari den arren, hankak lurrean ditu.

Unibertsitatean kimika ikasiz hasi zuen ikerkuntzarako bidea Odriozolak. Doktore tesia kimika organikoaren inguruan egin, eta EHUko irakasle lanetan aritu zen bi urtez. Handik Cidetec enpresara joan zen. 2006tik ari da bertan lanean. Nanomaterialen unitateko arduraduna da, eta 19 ikerlari ditu taldean. "Denok ez gara ari lan bera egiten; proiektu asko ditugu martxan".

Bestetik, asmakuntzak komunikabideetan egindako bidearekin harrituta dago. "Ikerlariok egunero dugu zerbait asmatzearen ilusioa, baina ez genuen espero asmakizunak horrelako oihartzuna izango zuenik". Bere gertukoengana ere iritsi da albistea, eta "denak gustura" nabaritu ditu. "Horrelako gauza bat azaltzea oso erraza da. Bestelako gauza oso interesgarriak ere egiten ditugu, baina ez dugu egoki azaltzen, jendeak uler dezan. Ikerlarion errua da, zalantzarik gabe".

Ikertzea bai, baina batik bat gauzak asmatzea da bere pasioa. "Asko gustatzen zait gauzak asmatzea. Lanetik kanpo ere, sukaldean aritzen naiz egunero gauzak probatzen. Gero neuk jaten dut; beraz, ez dago arazorik". Sukaldaritza ere kimika baita. "Hala da, kimika da. Baina ni produktu batzuk besteekin nahastera mugatzen naiz. Azaloreari muskuiluak nahastea, esaterako".

40 urterekin, bide luzea du oraindik ikerkuntzaren munduan. Hala ere, argi du ikertzen eta, batik bat, gauzak asmatzen jarraitu nahi duela. Laborategitik sukalderaino.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide