"Pozik egoteko moduan da Uranga egin duen txapelketarekin". Horixe esan zidan Manolo Arozenak Info7 irratirako Elizondoko final erdiaz egiten ari ginen saioan. Eta iritzi berekoa naiz neu ere, Legazpiko saioarekin erabat pozik geratu ez bazen ere, Gernika-Lumon lortutako bigarren postuak eta Elizondoko saioan egindako erakustaldiak bertsolari handien ondoan moldatzeko duen abilezia agerian utzi baitzuten.
Hamarreko handian Iñigo Mantzizidor Mantxi-rekin kantatzea egokitu zitzaion Jokini, lau urtez harreran izandako haurra agurtu beharrean tokatu ziren, eta ale politak uzten asmatu zuen azpeitiarrak. Alabatzakoa agurtu beharrak eragiten zion tristura, baina guraso eredugarri izanaren poza uztartzen jakin zuen, eta horren erakusle dira josi zituen bertso puntuak: "zoriontasun ta poztasun bat dakusat zure begitan / badakizu nun bizi garen ta etorri zaitez bisitan".
Zortziko txikian hain gertukoa ez zaion gaia tokatu zitzaion Unai Iturriagarekin. Ehiza postu berean zeuden, eta Iturriagak oraindik tirorik bota ez bazuen ere, Urangak hogeitik gora boteak zituen. Iturriagari arrazoi sendoak botaz amaitu zituen hiru bertsoak. Lehenengoan, "hortarako etxean geratu hurrena", bota zion; bigarrenean, "zeu eroriko zara usoak bezela"; eta azkenengoan, "zoaz soziedadera eta mahaia jarri".
Hamarreko txikian Amets Arzallusekin preso sozialaren larruan jarri zuen gai jartzaileak. Arzallusek astebururo bisitak jasotzen bazituen ere, Jokini ez zitzaion inor joaten. Arrazoi politak josi zituen, eta Arzallusen bertsoei txukun erantzuten ere asmatu zuen. Puntukako ariketan Beñat Gaztelumendirekin aritu zen, eta zortzi bertso osatu arteko denbora luze samar geratu zitzaien agian, oholtzan lagun zituztenekin sartu beharra izan baitzuten.
Kartzelako ariketa izaten da txapelketetan lanik estimatuena-edo. "Zeure buruari zin egin zenion azkeneko aldia izango zela, gaur berriro gertatu da", zuten bertsotarako gaia, eta beste Sotoren eta Iturriagaren moduan, drogekiko menpekotasunaz aritu zen Jokin. Koadrilari eta parranda giroari egindako erreferentziei esker, publikoa harrapatzen eta lan sinesgarria osatzen asmatu zuen, eta jendeak bereziki eskertu zuen hori, nahiz eta kanturako ordenan seigarren izateak entzuleentzat bere bertsoaldia aurrekoen oso antzekoa zenaren sentipena eragin zezakeen.
Kanporaketetan abiatutako ibilbideari, final erdien bigarren itzulian eman dio amaiera Jokin Urangak. Aho zapore onarekin, eta bertsotan zertarako gai den erakutsiz berriro ere. Egindako lanarekin pozik amaitu du berak, eta pozik utzi gaitu ingurukoak ere.