"Euskadiren etorkizunak industriala izaten jarraituko du"

Uztarria.eus 2013ko abe. 5a, 11:51

Atzo Sanagustinen eskaini zuten mahai-ingurua Urzelaik, Alberdik eta Ormazabalek.

Atzo, asteazkena, Nola egin aurre krisiari mahai-ingurua izan zen Sanagustin kulturgunean, Munohandi kultur elkarteak antolatuta. Aitor Urzelaik, Juan Jesus Alberdik eta Karlos Ormazabalek azaldu zutenez, "betiko gauzak beti bezala egiten jarraitzeko garaiak amaitu direla".

"Euskadiren etorkizunak industriala izaten jarraituko du, balio erantsi handiagoko produktuekin eta esportaziora bideratuta, hau da, krisian ez dauden merkatuetara, mundu mailan hazkunde ekonomikoa %4koa baita" defendatu zuten Aitor Urzelai Ekintzailetzaren, Berrikunztaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria, Juan Jesus Alberdi Cegasa enpresako zuzendari nagusia eta Karlos Ormazabal Lehiakortasunerako sailburuaren aholkulariak atzo, asteazkena, Munohandi kultur elkarteak antolatuta Sanagustin kulturgunean eskaini zuten mahai-inguruan.

Aitortu zuten une hauetan erabaki behar dugula nolako industri mota nahi dugun, low cost deritzana edo maila handikoa, eta industrian oinarritutako lurraldea izaten jarraitu nahi badugu ezinbestekoa dela esportazioa, "estatuko merkatuan bakarrik oinarritutako enpresak itxi edo arazo larriak dituztelako eta kanpoko merkatuetan lehian ari direnak berriz ondo edo hobeto dabiltzalako".

Horrez gain, azpimarratu zuten betiko gauzak beti bezala egiten jarraitzeko garaiak amaitu direla, ez direla itzuliko eta bai zuzendaritzetan edota langileei dagokienean etengabeko heziketa izango dela eredu berria, "horrek bermatzen duelako enpresa bakoitzaren etorkizuna; erne egoten hazkundean dauden herrietako merkatuen beharrei erantzuteko eta erantzun hori produktu lehiakor eta kalitatezkoak eskainiz". Azkenik, enpresa antolaketaren eredu berriak lantzearen beharra aldarrikatu zuten "egungo konfrontazio kultura, nagusi-langile eredua, baztertuz eta guztien inplikazioa bultzatuz, Alemania eta beste herri aurreratuetan egiten ari diren bezala".    

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide