Malestudiante garaietan ezagutu nuen bikote edadeko hura ahaztea zaila zait. Buru ederreko gizona, panazko txaketa iluna, aitona ekartzen zidan gogora. Emaztea ere andre tentea, gorputz tinkoa, eder izana eta edertasunik galdu gabea. Zestoan igotzen ziren autobusera eta Lasaon jaitsi. Edukatuak, zainduak, atseginak ziruditen. Ezer gutxi gehiago nekien beraiei buruz baina maitagarri egiten zitzaizkidan. Gaur hogeita hamahiru urte, komando bat etorri eta haien hogeita hemezortzi urteko semea, Inazio Lasa Rezola, tiroz hilda utzi zuten bere tabernan.
Bertsolari txapelketan herriko bertsolari batek agur bertsoa luzatu dio komando hartakoa omen zen kideari. Memoria abian, herriko zinegotzi nintzen orduan. Ez nintzen Inazio Lasaren hiletetara joan, joan ez nintzenez, klaro, ez dut gogoan plenorik egin zenik ere. Ez nuen hilketa hura onartzen baina epelegia nintzen hori ozenki adierazteko. Durangoko liburu azokara joan nintzen, hil ala biziko sentitzen nuen hartara, nahiz eta memoriaren lehen lerroan gordetzeko moduko nobedaderik ez zen izan. Lehentasunak.
Abendu hartan bertan Alpinismo español en el mundo eta Egunsenti biluzia poema liburua argitaratu ziren bi azpeitiarren eskutik. Udaleko kultura batzorde burua alpinismo espainiarraren liburuaren aurkezpeneko mahaiburu izan zen. Prentsan poema liburuaren aldean oihartzun handia izan zuen. Inazio Lasa sarri etortzen zait oroimenera. Ez gara guztiok egon beharreko lekuan egonak izango, ez gara, ez eta, berdinak eta berdin izan denok. Oroimena lehentasunak itxuragabetzen. Izan zena… nahi dugun… min…