Durangon baino ez dizute galdetzen noiz ikasi zenuen irakurtzen.
Igerian Bermeon ikasi nuen, dagoeneko denborak irentsi dizkidan tokietan; bizikletan trenbidearen ondoko zabalgune batean; automobila gidatzen aitarekin Loiolako aparkaleku zaharrean; oinez, berriz, semeak erakutsi dit aurrena, eta alabak ondoren; eta irakurtzen, ez nadin lotsatu aitortzen, institutuan.
Urkamendi baten gainean zegoen eraikia Azpeitikoa. Auskalo nola, Granadarako diseinatua zen ikastetxeak Joxe Tejeriari lepoa bihurritu zioten muinoan amaitu zuen. Kristala nonahi, hotza, Islandia zen Andaluzia beharrean. Hezkuntza ministerioak berak ez zuen uste han ez zegoenik. Komando Autonomoek zartarazi zuten 1980ko abenduaren 5eko gauean.
Dena zen gazteleraz, salbu eta borondatea. Ez zen euskara klase haietan ez deklinabiderik, ez aditz taularik irakasten. Beharbada horrexegatik zen ezinezkoa ez ikastea. Heltzen zen irakaslea liburu eta aldizkari guztiak zaku handi batean sartuta, jartzen zuen musika, zabaltzen zituen aleak puzzle baten piezak balira bezala, eta irakurri. Azterketarik ez, ez genuen beste lanik irakurtzea baino. Aleka datozkit amuak oraindik: Harri eta herri, Etiopia, Sekulorun sekulotan, Nere paradisuetan, Abuztuaren 15eko bazkalondoa, 100 metro, Guardasola ahantzia, Isturitzetik Tolosan barru, Zergatik Panpox, Pottak, Ustelak, eta nola ahaztu, Hego haizearen konpasean. Gerora ohartu naiz pribilejioaz. Literatura irakurriz alfabetatutako belaunaldi batekoa naiz.
Denak ez ditut esan baina. Ikastetxeak ez zuen liburutegirik. Bere etxekoan zituen puskez betetzen zuen zakua Iñaki Azkune Igate-k, sinestuta seguru asko irakurrita bestelako zukua aterako geniola bizitzari, libre irtengo ginela urkamenditik.
Badakit. Ez garaia, ez giroa, ez ikasleen profila da estrapolablea. Baina esadazue nola ikas daitekeen irakurtzen hala ez bada.