Txio artean, hegan

Uztarria.eus 2013ko abe. 17a, 13:33

Sei azpeitiar txiolarirekin hitz egin du Uztarriak.

Uztarria herri aldizkariaren abenduko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 156. zenbaki horretan Azpeitiko Twitterreko txiolari batzuen testigantzetan oinarritutako erreportajea ekarri dugu hona.

Behinola, Mikel Pagadik proposatu zuen #mitozaharrak traola Twitterren, eta a zer nolako arrakasta! Bi orduan mila txiolari eta 2.000 txio ala bertxio. Jendetza hasi zen bururatutako mito zaharrak idazten. Azpeitiarrak ere baziren tartean, eta bestelakoez gain, Azpeitiari edo azpeitiarrei lotuko mito batzuk ere bai: "Azpeitin dao Euskal Herriyen metro koadroko BMW gehien", "Marialuisa hiltzen denean Goenkale bukatu egingo da", izugarrizko bazkaria egin eta, "helaue ona da bazkaria jaisteko"...
 
Zaila da Twitter zer den azaltzea. Izatez sare soziala bada ere, informaziorako eta komunikaziorako ere erabiltzen du hainbatek. Twitterren inguruko gero eta kontu gehiago entzun eta irakurtzen dira komunikabideetan, eta urte gutxian hedapen izugarria izan du mundo osoan. Azaroaren 7an, Twitter berak kaleratutako datuen arabera, 231 milioi erabiltzaile aktibo zituen (Facebookek baino bost aldiz gutxiago).
 
Esaerak dio toki guztietan daudela azpeitiarrak, eta Interneten, Twitterren, ere badira, noski. Ez dago azpeitiar txiolarien zifra zehatza jakiterik, baina hainbat dira informazioaren eta bestelakoen joan-etorriko jario hori denborapasarako zein lanabes moduan erabiltzen duten herritarrak. Horietako batzuekin hitz egin du Uztarriak sare sozialaz.

Lanerako tresna

Gero eta gehiago dira Twitter informazio edo komunikaziorako erabiltzen duten azpeitiar kazetariak. Oihana Elduaien Berria-ko eta Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko kazetariek badute, esaterako. Twitterrek zuzeneko kontaketak egiteko ematen duen aukera medio sortu zuen kontua Elduaienek, eta lanerako soilik erabiltzen du: "Kazetaritzaren eraldaketa bizkor eta amaigabeko honetara egokitu behar du Berria-k ere, eta bide horretan egindako urratsa izan zen zuzeneko kontakizunekin hastea. Jendea ohitu da momentuan momentukoa jasotzen, hori kalitatearen kalterako izanda ere. Azkar eta ondo, usoak hegan!, eta Twitterren bat-batekotasuna eta azkartasuna baloratzen dira, beste ezer baino gehiago". Urbietaren aburuz, Twitter da gaur egun lanerako daukaten "tresnarik egokiena": "Kirolarien jarraipena egin eta albisteak zein emaitzak lortzeko parekorik ez duen lan-tresna da guretzat. Ni lanean hasi nintzenean askotan albistea etorri zain egon behar izaten nuen, eta gaur egun albistea hortxe dago, eta bila joan behar da".
 
Elduaienek uste du gazte jendea, batez ere, Interneten eta Twitterren dagoela, eta "hor egon beharra" dutela. "Komunikabideentzat garrantzitsua da jario horretan egotea, edukiak zabaldu ahal izateko. Informazioa jasotzeko ere tresna oso ona da, iturri onak aukeratzen jakinez gero". Urbietak "iturria ez, urtegi erraldoia da Twitter", dio: "Azketako ura bezain gardena batzutan, eta garai bateko Nerbioikoa bezain zikina, beste batzuetan". Halaber, Twitterren nor jarraitu erabakitzea "funtsezkoa" dela deritzo irrati esatariak: "Kazetari sena erabili behar da horretarako, eta kazetariak pasatu behar du galbahea. Izan ere, askotan, kazetarioi ahaztu egiten zaigu gure lanbidearen lehen legea albistea kontrastatzea dela".

Jarioaren erdian

Informazio sortzaile ez, agian, baina informazioaren jarioan eragile dira Eider Alkorta eta Haritz Odriozola. Bata politologoa eta bestea ingeniaria, baina biek ala biek elkarbanatzen dute sarean pil-pilean dabilen informazioa eta horien gaineko iritzia eman ere bai. Alkortak "aktualitatea jarraitzeko" erabiltzen du, batez ere, Twitter: "Informazio iturri moduan erabiltzen dut, eta gai baten inguruko iritzia emateko, sarean dauden eztabaidak jarraitzeko edo aldarrikapenak egiteko zait baliagarria". Odriozolak "aisirako" erabiltzen duela dio, eta "interes antzekoak dituen jendearekin komunikatzeko ala beste ikuspuntu bat dutenekin iritziak elkartrukatzeko" tresna ona delakoan dago. Dena den, Alkortak ikusten dio zera bat Twitteri: "Adierazpen askatasunarekin lotzen du zenbaitek, baina kontrol soziala eta politikoa ere ahalbidetzen du". Informazioari ez hain lotuta, baina guztiz alboratu gabe erabiltzen du Ane Bordak Twitter: "Intereseko albiste, kuriositate, kritika, argazki zein bestelakoen berri izateko zait baliagarri". Idatzi, idatzi, ez du txio asko idazten, baina "denbora librea" duenean erabiltzen du.
 
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak ere badu Twitter kontua, eta "herritarrengandik gertuago izateko tresna moduan" erabiltzen duela azaldu du: "Interaktuaziorako aukera ematen du, eta tresna indartsua da modu horretan. Edonork zuzenean galdetu edo egin ditzake ekarpenak, eta herritarren iritzia jasotzeko ere balio du. Dena den, idazten dudanean zaila zait nire iritziaren eta ordezkari publikoaren iritziaren artean desberdintzea. Arretaz erabili beharreko tresna da Twitter, gero eta oihartzun handiagoa du-eta". 

Onena eta txarrena

Esan nahi duzuna, nahi duzun moduan, baina 140 karaketeretan. Halakoa da Twitter mikrobloga. Hankamotz geldituko zen zenbait idazterakoan. Alkortak dioenez, "zuri edo beltzera jokatu behar da idazterakoan, gutxi matizatu behar da, eta erraz sor daitezke gaizki ulertuak. Hor ez naiz oso eroso sentitzen". Odriozolak uste du "askotan motz geratzen"  dela: "Nahasmena ere sortu izan du hain labur idazteak. Gauza garrantzitsuez hitz egiteko, hobe pertsona aurrez aurre". Bordaren aburuz, berriz, "askotan 140 karaktere nahikoa dira albiste edo iritzien berri izan eta emateko".
 
Elduaienen ustez, "aukera ematen du ia edozertaz zerbait bada ere jakiteko, baina berehalakotasun eta etengabeko jario horrek gauzen inguruan patxadaz pentsatzeko tartea kentzen digu. Axaletik jarraitzen ditugu gauza asko, eta sakonean ia ezer ez". Aldiz, Urbietaren ustez tresna "ondo erabiltzean" dago gakoa: "Iritzia ematea erabat demokratizatu da, baina bakoitza da bere iritziaren jabe eta morroi". Odriozolak, berriz, hiri kosmopolita batekin alderatu du Twitter: "Mila pertsona, mila iritzi, mila hizkuntza. Eta, horietatik gustuko dituzunak jarraitzen dituzu, eta gainerakoek ez dizute eragozpenik sortzen". Etxeberriaren aburuz, "pasibotasunak ez du tokirik Twitterren".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide