21.332 bisitari igaro dira Loiolako turismo bulegotik, 2013an

Uztarria.eus 2013ko abe. 20a, 12:59

Ezkerretik eskubira, Jexux Mujika, Eneko Etxeberria, Pello Bastarrika eta IƱaki Portilla, gaurko agerraldian.

2011n baino %11 bisitari gehiago izan dira aurten, martxoaren 22tik abenduaren 8ra bitartean. Bisitari gehienak Espainiatik etorri dira (%47) eta turismo datuen "balantze positiboa" egin du Iraurgi Berritzenek.

Azpeitiko eta Azkoitiko udalek Iraurgi Berritzenen bidez kudeatzen duten turismo bulegoaren inguruko datuak jakinarazi dituzte gaur bi udalotako eta garapen agentziako ordezkariek. Azaldu dutenez, "emaitza oso onak izan dira aurtengo jardunaldian, eta bailarako egoera sozio-ekonomikoa kontuan hartuta, datu positiboa dela uste dugu".

Aurreko urteetan bezala, bailarako turismo bulegoa Loiolako Santutegian kokatu dute. Martxoaren 22tik abenduaren 8ra bitartean egon da zabalik bulegoa, eta 21.332 izan dira handik igaro diren bisitariak (2011n baino %11 gehiago): Bisitarien ia erdia (%47) Espainiatik etorri dira; %17 Hego Euskal Herritik, %9 Kataluniatik eta gainerakoak munduko beste herrialde batzuetatik. Bisitarien %68 taldean etorri dira, eta %32 banaka.

Bulegora gerturatutako bisitariek, batez ere, santutegiaren inguruko informazioa eskatu dute, baina Hiru Tenpluen ibilbideari buruzko informazioa ere eskatu dute, eta baita eskualdeko zerbitzu turistikoaren eta ostalaritzakoaren ingurukoa ere.

Azkoitiko eta Azpeitiko alkateek azaldu dutenez, bisitari kopurua igotzearen arrazoi nagusiak bi dira: "Aita Santu berriaren izendapena eta turismo eskaria, merkatua eta aisialdirako ohitura aldatzen ari da". Datuak onak direla eta balorazio positiboa egin duten arren, "eskualdean turismoaren sektorea sendotzeko eta hobekuntzarako aukera gehiago daudela uste dugu, eta horiek baliatzea izango da orain erronka", azaldu dute. Horrenbestez, "Loiola bisitatu, baina turismo bulegora joaten ez diren bisitariak erakarri nahi ditugu bulegora, eta horrekin batera, turismo bulegora joaten direnak gero Azkoitira eta Azpeitira gerturatzea lortu nahi dugu", esan dute, eta "bailarako gainerako eragileekin komunikazioa eta elkarlana hobetuta lortutzea dugu helburu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide