Arrasate surrealista

Barberenea bloga ('Goiena') 2013ko abe. 26a, 11:16

Goiena Komunikazio Taldeko Barberenea blogean kaleratutako iritzi artikulua da hurrengoa.

Madrilgo San Ildefontso ikastetxeko haurren ahotsen oihartzunak egon dira Arrasateko gabon afaloste eta bazkaloste gehien-gehienetan. 180 milioi eurotik gora ei dira, herriko hainbat eta hainbat etxetako diru sarrerak nabarmen handituko dituztenak. Poza eta zoriona etxe askotan beraz, bejondeiela (bejondeigula) eta jakin bezate ganoraz gastatzen. Izan ere, bada diruak ekarritako bizi aldaketak, bizkarroien arrimatzea eta antzekoak, madarikatzen dituenik. Aurkia eta ifrentzua beraz, baina onetik gehiago Silviok dioen moduan pero el que nace bien parado, en procurarse lo que anhela no tiene que invertir salud.

Kontrara imaginatzen dut etxe gutxitan hitz egin dela Grumaleko langileek Arrasaten egin zuten egonaldiari buruz. Seber Altube plazan egon ziren kanpaldian, manifestatu ziren, batzuk ikusi genituen. Gehienok ez ditugu aintzat hartu zoritxarrez. Loteria, dezimo eta bazkideen birkolokazio forman, hori da hizpide nire inguruan behintzat.

Eta Grumaleko langileek gogorarazi didate orain dela urte gutxi, herrian bertan, Moldcam enpresako (behialako Uribesalgo) langileek eraman zuten borroka. Itxiera lotsagarri bat eta gero, jabeen lukurreria eta gero, espekulazio inmobiliario lotsagabeena eta gero, bakarrik manifestatu ziren. Apenas egin zien kasu inork. Lau katuk soilik. Kale gorrira bota zituzten beharginak, San Andres auzoko hilotz erraldoiak apenas gogoraraten digun jazo zena.

Nire kontzientzian iltzaturik ditut duintasun eta bakardade erakustaldi horiek.

Orduan ikasi nuen, arrazoia izatea ez dela nahikoa mundu honetan irabazteko, beste hainbat gauza behar dela. Grumaleko langileak oharkabean pasa zaizkigu, Arrasate surrealista honetan. Jaien eta loterien bestondoa dugu, hein baten normala izan litekeen moduan. Baina esanguratsua beste behin beharginak bakarrik manifestatu direla egiaztatzea…

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide