EPPK-k hartutako bidea bultzatzeko konpromisoa hartu dute preso ohiek

Uztarria.eus 2014ko urt. 7a, 12:18

Zapatuan Durangon egin zuen agerraldia EPPKren bitartekariek eta hilabete hauetan askatu dituzten 80 bat preso ohik. Agerraldiko kideen artean zen Juan Karlos Arruti Paterra. Azpeitiarra azaroaren 19an utzi zuten aske, 24 urte preso egon ostean.

Mezu baikorra eman nahi zuten. Eraikitzailea. Eskuzabal aritu, eta konponbideari begirako ekarpena egin. Beraien inguruan nahastu dituzten urak baretu. Ondo neurtua zegoen dena, hargatik, Durangoko Plateruenan. Patxadaz aritu dira EPPKren bitartekariak eta duela gutxi askatu dituzten arte EPPK-ko kide izan direnak. Triunfalismo keinurik ez dute erakutsi hedabideen aurrean; haien arteko agur berorik ere ez. Guztia zen ondo zaindu beharrekoa mezua ondo uler zedin. Alde horretatik, esanguratsuak izan dira preso ohiek esandako lehen hitzak: "Kontziente gara gure hitzek sentimendu kontrajarriak sor ditzaketela, bati baino gehiagori ezinegona sortuko diotela. Hartara, arduraz arituko gara, borondate eta ikusmira baikor eta eraikitzailean, hainbeste urteren ondoren berriro ezagutzen ari garen errealitate sozial eta politikoari ekarpen xumea egiteko konfiantzarekin".

Prentsaurrekoan parte hartu duten 80 lagun ingurutik 60 bat ziren azken hilabeteetan kaleratu dituzten preso ohiak. Asko, Estrasburgok 197/2006 doktrina baliogabetzearen ondorioz askatu dituztenak. Horien artean zen Juan Karlos Arruti Paterra. Azpeitiarrak 24 urte egin zituen preso, eta azaroan utzi zuten aske.

Urte luzetan "salbuespen lege eta neurrien jomugan" izan direla adierazi, "sakabanaketak eragindako heriotz eta minaren lekuko" izan direla kontatu, eta EPPK-k atzo zortzi kaleratutako agiriaren norabidea hartu dute: "Gatazka politikoaren ondorioak ere badaramatzagu gure baitan, borrokaren lekuko eta subjektu izan baikara, jasan eta eragindako sufrimendua- ren hartzaile zuzen izan garen bezala; halaxe aitortzen dugu".

2012ko urrian askatu zuten Itziar Martinez aritu da euskaraz preso ohien izenean. Gazteleraz, 197/2006 doktrina baliogabetuta askatu berri duten Antxon Lopez. EPPK-k hartutako erabakiekin "erabateko adostasuna" azaldu dute. "Ezker abertzalearen ekinbidez irekitako jokaleku politiko berriarekiko gure konpromisoa erabatekoa da". Minaren aitorpena ere egin dute: "Gatazka politikoaren ondorioekiko guri dagokigun erantzukizun osoa onartzen dugu".

Agerraldiaren inguruan Berria-k argitaratutako albistea osorik irakurtzeko egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide