Espainiako gobernuak baliabide handiak ditu: gehiengo osoak lege berri eta gogorragoak ezartzeko damaion ahala, botere judizialarekiko aginpide tamalgarri bezain ukaezina, polizien jarduna eta, ororen gainetik, hinteligentzia zerbitzuak. Arreta biziz irakurri nuen bere garaian La hinteligencia militar liburua, zeinaren orri guztiak huts-hutsik dauden. Raxoi presidenteak eta Fernandez Díaz barne ministroak urrezko epilogoa idatzi dute aste honetan. Juridikoki hutsune handiak dituen polizia operazio bat burutu dute -orduerdi lehenago prentsa-agiri baten bidez iragarria- presoen eskubideen aldeko manifestaldi handi baten atarian. Fiskaltza manifestaldiaren debekua eskatzera bultzatu dute, eta epaileak otzan onartu du iradokizuna. Gaizto ari dira, baina zalantzak izaten ditut gaiztaginez: zein da gaiztorik arriskutsuena, gaizto ergela ala buruargia? Eta non sailkatu beharko genituzke terrorismorik gabeko egoera berria hain modu ankerrean kudeatzen ari diren horiek? Buruargiak badira, espresuki ari dira soka tenkatzen, nahita dihardute demokrazia mehetzen, eta sekuentziek horrela jarraituko balute denbora asko baino lehen iritsiko lirateke autonomia indargabetzera. Ergelak badira, aste honetakoaren antzeko parada gehiago eskainiko dituzte askotan hain urrun dakuskigun indar abertzaleen indar metaketarako, baina boterea biziki arriskutsua da tentelen eskuetan.
Ordu gutxi batzuk aski izan zituzten indar politiko-sindikalek eta gizarte eragileek goiburu bat adostu eta manifestaldi historiko baterako deia egiteko. Aberkideekiko oso fidakaitz eta susmabera diren hiruzpalau ezagun sumatu ditut, soka arras desberdinetakoak, indar abertzaleen erantzun bateratuaz hunkiturik. Badakit, frogatu dut, kontzientziaren lasaigarri eta ilusio-piztaile izan daitekeela bidegabe eta probokatzaile iritzi diegun erabakien aurrean elkar hartzen badakigula egiaztatzea, baina partidarik ez dugu irabaziko autodefentsarako akordio soilekin. Elkarlanean eraikitzeko gai garela erakusten hasteko garaia da.