Ilazki Goenaga: "Babes bila edo atseden hartzera jotzen dute itsas txakurrek kostara"

Berria.info, Uztarria.com 2014ko urt. 21a, 14:13

Azken egunetan, hainbat foka kume iritsi dira Euskal Herriko hondartzetara, eguraldiaren aldaketak eta itsaslasterrak eraginda. Kume horiek babesten dihardu Goenagaren elkarteak. 

Hainbat foka ikusi dira Euskal Herriko hondartzetan berriki. Azken hamabost urteak kontuan hartuta, foka gehien aurten iritsi dira kostaldera, eta adituek diotenez, eguraldi aldaketa izan daiteke arrazoi nagusia. Fokak Erresuma Batuko kolonietatik etortzen dira, hiru hilabete dituzte eta itsalasterrek bultzatuta datozela azaldu du Ilazki Goenaga(Azpeitia, 1982), Ambar itsas fauna ikertzeko eta babesteko elkarteko kideak.

Zergatik edo zertarako etortzen dira itsas txakurrak Euskal Herriko kostaldera?

Normalean, Erresuma Batuko inguruko kolonietatik etortzen dira. Foka kumeak amaren alboan egoten dira jaio berritan, baina, haziz doazen heinean, koloniako beste foka kumeekin jolasten hasten dira. Konturatu gabe itsaslaster batek edo itsaso kolpe batek harrapatzen ditu, edo, besterik gabe, orientazioa galtzen dute. Hori horrela, bidaia gorabeheratsu bat egiten dute itsaslasterrak eramanda. Normalean, ez dute jakiten nola itzuli, eta itsaslasterrari jarraitzen diote. Bidaian itsaso ona eta elikagaiak topatzen badituzte, agian ez dira askorik urruntzen kolonietatik, baina, itsaso zakarrak harrapatzen baditu, kostaldera jotzen dute babes bila.

Beste arrazoirik egon al liteke honaino heltzeko?

Normalean, babes bila edo atsedena hartzera jotzen dute itsas txakurrek kostaldera. Uretatik kanpo dauden denbora gehiena deskantsatzeko hartzen dute, uretan energia asko galtzen baitute.

Zer dela-eta aurten beste urteetan baino foka gehiago?

Kolonietako foken jaiotza tasa igo egin delako izan liteke. Baita Britainia Handia eta gure artean oso denboraldi txarra izaten ari garelako ere. Hainbat faktore elkartu dira, eta ohi baino foka gehiago iristen ari dira aurten.

Ohikoa al da garai honetan fokak hona etortzea?

Fokak gure kostaldera iristea normala da. Urtero izaten ditugu hiru, lau edo bost foka gure kostaldera iristen direnak. Mantxako kanaleko eta Britainia Handiko fokak itsasora irteten direnean, bertako itsaslasterrak hartzen duen bidearen ondorioz etortzen dira hona. Normalean, itsaso txarra dagoenean izaten da. Esaterako, Zarautzen zortzi orduz atsedena hartu duen foka bat berriro itsasoratu eta itsaso txarrak jarraituz gero, hemen inguruan agertuko da berriro. Kostako puntuak ukituz joango da, barrurago joateko indarrak dituela sentitu arte.

Jakin al dezakegu nondik datozen eta zenbat denbora duten hona etortzen diren fokek?

Esan dugun bezala, foka grisak Erresuma Batuko kolonietatik iristen dira. Oso txikiak izaten dira, normalean hiru bat hilabete izaten dituzte.

Gehiago irakurtzeko egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide