ELA sindikatuko kideek ekitaldia eta manifestazioa egin dituzte

Uztarria.com, Berria.info, Urola Kostako Hitza 2014ko urt. 22a, 13:55

ELA sindikatuak "Urola eskualdean ematen ari den enplegu suntsiketa salatzeko eta enpleguaren aldeko politikak exijitzeko" ekitaldia egin du gaur, asteazkena, Izarraitz pilotalekuan. Euskal Herri osoko ELAko 1.500 bat ordezkariak hartu dute parte bertan.

Frontoia jendez lepo zela, oholtzan hizketan aritu dira Andoni Eizmendi Urola Kostako ordezkaria, exekutibako kide Leire Txakartegi, mikel Nogal eta Joseba Villarreal, Araceli Lopez, Loli del Castillo eta Mikel Zabaleta delegatuak, eta Adolfo Muñoz 'Txiki' sindikatuko Idazkari Nagusia.

Eizmendik Urola Kostako egoerari erreparatuz adierazi du langile klasearentzat "oso urte gogorrak izaten ari" direla azken hauek. Eskualdeko arduradunak azaldu duenez, "krisi hasieratik langabezia tasa laukoiztu" egin da Urola Kostan: "Eskualde txikia izanik ere, industriaz gainera, eraikuntzak eta altzarigintzak pisu handia izan dute gure errealitatean. Esanguratsua da krisiaren eraginez sektore hauetan hainbat enpresa txiki eta ez hain txiki itxi zaizkigula", esan du, Azcue y CIA edo Xaxarki bezalako enpresak gogora ekarriz. Eskualdean zailtasun handiz aurrera eta borrokan jarraitzen duten lantegiez aritu da Eizmendi: Muebles XEI, Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao, TS Fundiciones eta Grumal.

"Langile antolakuntzaren garrantzia" nabarmendu du Eizmendik, "borrokarako eta kontzientziaziorako". Dei egin diete erakundeei, "benetan inplikatu eta lan egin dezaten" lantegi horien guztien etorkizunaren alde.

Adolfo Muñoz 'Txiki'-k nabarmendu du Adegi "estatuko patronalik erreakzionarioena" dela, eta Arantza Tapia Eusko jaurlaritzako Industria sailburuak Adegiren proposamenari emandako babesa salatu du.

"Enpresariaren eta langilearen arteko harremanaz hitz egiten dute bi aldeen indarrak berdinak balira bezala; baina indarrak ez daude inondik ere parekatuta. Adegik badaki borroka kolektiboak ekarri zituela emaitza sindikal eta sozialak, baita eskubide zibilak eta askatasun politikoak ere. Horregatik hartu nahi gaituzte banan-banan; babes kolektiboa oztopoa delako", adierazi du Muñozek.

Bestalde, nabarmendu du ELAk ez duela soldaten jaitsiera babestuko, eta gaineratu soldata "ordainsaria baino zerbait gehiago" dela: "Izan ere, pentsioak ere hortik datoz, kotizazio bidez. Soldatak ere zerga bidez biltzen diren baliabideak dira, eta, bidenabar, osasun publikoa, hezkuntza eta gizarte laguntzak".

Ekitaldia bukatutakoan manifestazioa egin dute herrian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide