Abortuaren legearen erreforma proiektuaren aurkako adierazpena aho batez onartu dute Udalbatzarrean

Uztarria.eus 2014ko ots. 5a, 19:28

"Emakumeen autonomiaren, bizitzaren eta gorputzaren aurkako eraso" bezala ulertu eta gaitzesten du Azpeitiko Udalak PPren lege aurreproiektua, "emakumeen eskubideak urratzen dituelako eta atzerakoia delako".

Atzo, asteartea, otsaileko ohiko Udalbatzarra egin zuten udaletxean. Bertan, besteak beste, Espainiako estatuan indarrean dagoen abortuaren legearen erreforma proiektuaren aurkako mozioa onartu zuten. Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek aho batez onartu zuten adierazpena.

"Emakumeen autonomiaren, bizitzaren eta gorputzaren aurkako eraso" bezala ulertu eta gaitzesten du Azpeitiko Udalak PPren lege aurreproiektua, "emakumeen eskubideak urratzen dituelako eta atzerakoia delako".

Hau da Emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan leloarekin plenoan aurkeztu eta onartutako adierazpenaren eduki osoa:

"Aurreko abenduaren 20an, Estatu espainolean PP buru den Ministroen Kontseiluak 'Kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako' Lege Organikoaren aurreproiektua onartu zuen, egungo osasun sexual eta erreproduktiboaren eta borondatezko haurdunaldia eteteko 2/2010 LO aldatuz. Aldaketa horrek emakumeen autonomiaren kontra egiten du bete-betean edo, bestela esanda, oinarrizko giza-eskubide gisa onartutako eskubide sexual eta erreproduktiboen. Hamarkadatako borrokaren bidez lortutako eskubidea zartada batez ezabatu nahi dute: emakumeek beraien bizitza sexual eta erreproduktiboaren inguruan erabakitzeko eskubidea izatea, alegia, inolako tutelarik eta jarraipenik gabe. Egin asmo duten kontrarreformak emakumeen autonomia urratu, emakumeen heldutasuna, erabakitzeko gaitasuna eta ardura ukatu eta infantilizatu egiten ditu, abortatu ahal izateko beste batzuekiko menpekotasuna ezarriz. Hala, emakumeon gorputzak Estatuak eta medikuntzak interbenitutako erreprodukzio hutsera murriztu ditu. Finean, lege egitasmo honek emakumeak gutxiesten ditu; haien borondatea eta haien bizitzarekiko kontrola haien eskuetatik kendu eta Estatuaren tutelapean ezarri.

Gaur egun, haurdunaldia bilatu gabe (nahi izan gabe) haurdun geratu izana izan ohi da haurdunaldia eteteko arrazoi nagusia. Bada, kontraerreformak emakume guzti horiek ama izatera behartu nahi ditu, emakume guzti horien bizitza baldintzatu. Eta, era berean, haurdunaldia bilatua izan arren, malformazioak edo gaixotasunak identifikatutako kasuetan erabakitzeko aukera ukatu nahi dute, edozein modutan haurdunaldiarekin jarraitzera behartuz. Bortxaketarik legokeen kasuetan soilik baimendu nahi dute abortua baina horretarako salaketaren baldintza jarriz, jakin badakitenean bortxaketa asko salatu gabe geratzen direla.

Noren izenean egin nahi dute basakeria hau? Noren hobe beharrez? Zalantzarik ez dago emakumeen bizitzak behintzat ez dituela bereziki kezkatzen. Izan ere, indarkeria matxistaren itzalpean erailtzen eta erasotzen dituzten emakumeen bizitzak ez dira Gobernu espainiarraren lehentasuna. Ez da neurri edo baliabide berezirik ezartzen etengabeko eraso eta erailketa hauekin bukatzeko. Era berean, emakumeen bizi-kalitatea okerrera doa, zerbitzu publikoak deuseztatzearekin batera emakumeen bizkar geratzen ari baitira gero eta zaintza-lan gehiago. Esaterako, PPren Espainiako gobernua pertsona dependienteentzako laguntzak deuseztatzen ari da, izan helduak, adin txikikoak edo dibertsitate funtzionala duten pertsonei bideratuak. Estatuak bere zereginetatik ezabatzen dituen zaintza-lanak familien gain geratzen ari dira eta, zehazki, familiako emakumeen gain.

Esanguratsua da, baita ere, kontraerreformarekin tematzen diren bitartean, prebentzioa lantzeari uko egiten diotela, haur eta gazteen hezkuntza afektibo-sexuala garatzeko baliabideak gero eta urriagoak baitira.

Edozein modutan, gauza jakina da (eta Munduko Osasunaren Erakundeak ere hala onartzen du) lege murriztaileek ez dutela abortu-kopurua gutxituko. Haurdunaldia etetea erabakitzen duten emakumeak klandestinitatera edo atzerrira joatera behartuko ditu. Baliabide ekonomiko gutxi dituzten emakumeek klandestinitatera joko dute, emakume izateagatik jasotako bazterketari klase edo egoera sozio-ekonomikoarena batuz. Bestalde, kontraerreforman ezarri asmo diren abortatzeko baldintza horiek ibilbide eta tramite korapilatsuak ezartzen dituzte, haurdunaldia eteteko unea atzeratuz eta emakumeon bizitzen gaineko arriskuak handituz.

Beraz, PPren gobernuak, jaio ez denaren eskubideak defendatzearen aitzakian, emakumeen eskubideak zapaldu nahi ditu, emakumeek bizitzea merezi duen bizitzak izateak ezer gutxi kezkatuta.

Emakumeen autonomiaren, bizitzaren eta gorputzaren aurkako eraso honen aurrean, Udal honek:

  1. PPk aurkeztutako 'Kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako' legearen aurreproiektua gaitzesten du, emakumeen eskubideak urratzen dituelako eta atzerakoia delako.
  2. Udal honek emakumeen autonomiarekiko eta, zehazki, ugalketarako autonomiarekiko duten eskubidearekiko konpromisoa berresten du. Haurdunaldia eteteko erabakiak emakumeen borondatea izan behar du ardatz eta baldintza nagusi.
  3. Eusko Jaurlaritzari/Nafarroako Gobernuari eskatzen dio emakumeek haien gorputzarekiko eta ugalketarekiko erabakiak askatasunez hartu eta gauzatu ahal izateko lege-babesa, osasun-babesa eta babes soziala berma dezala.
  4. Udal honek, Haurdunaldiaren Borondatezko Eteteak osasun sistema publikoaren baitan egitearen aldeko hautua egiten du, pertsonal sanitarioaren kontzientzia objezioa arautuz eta aipatutako zentro publikoetan emakumeek Haurdunaldiaren Borondatezko Eteterako duten eskubidea gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren talde profesionalak daudela bermatuz.
  5. Udal honek, martxoaren 3ko 2/2010 legearen baitan egiten den edozein aldaketa, emakumeentzat oinarrizkoak eta berezkoak diren eskubideak zabaltzera bideratu dadila eskatzen du, emakumeek ama izan ala ez erabakitzeko ahalmena izan dezaten.
  6. Erreforma honi erantzun bateratu bat emateko mugimendu feminista eta emakumeen mugimenduak egindako lan itzelari errekonozimendua egiten dio, eta Udal honek bat egiten du eskubide hau babesteko mobilizazioekin.
  7. Udal honek konpromiso irmoa hartzen du orain arte bezala prebentzioari garrantzia eman, eta ikastetxeekin elkarlanean gazteek heziketa afektibo sexual eraginkor bat jaso dezaten beharrezko baliabideak eskaintzeko.
  8. Herritarrei dei egiten diegu emakumeen autonomiaren alde eta, zehazki, oinarrizko eskubide honen alde egin dezaten eta Espainiako gobernuaren kontrarreformaren aurkako mobilizazioetan parte har dezaten.
  9. Honako pleno akordioa Eusko Jaurlaritzari/Nafarroako Gobernuari, Espainiar Estatuko Gobernuari eta Justizia Ministro den Alberto Ruiz Gallardoni helaraziko zaie".

Kudeaketa berrantolaketak

Orain arte bailarako garapen agentziaren bidez kudeatzen ziren bi zerbitzu edo zeregin aurrerantzean udalek kudeatzeko hitzarmenak sinatzea ere onartu zuten otsaileko Udalbatzarrean, talde guztien adostasunarekin.

Horrela, Azpeitiko Udalak, Azkoitikoak eta Zestoakoak hiru udalerrietako ikastetxeetan ematen den logopedia zerbitzua zuzenean kudeatzeko hitzarmena sinatuko dute. Beste hitzarmen baten bidez, berriz, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek berengain Munoaundiko aztarnategiaren kudeaketa eta finantziazioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide