Martxan da 2014ko Joxe Takolo Beka

Uztarria.eus 2014ko ots. 7a, 13:48

Martxoaren 31a bitartean mendiarekin lotutako proiektuak aurkeztu beharko dira, udaletxeko erregistroan. Bekaren irabazleek 3.000 euroko diru-laguntza jasoko dute proiektua gauzatzeko, eta epai-mahaiak apirilaren 1etik 15era bitartean jakinaraziko du erabakia. Iaz hutsik gelditu zen beka.

Abian da 2014ko Joxe Takolo beka, eta egitasmoak martxoaren 1etik 31ra bitartean aurkeztu beharko dira, Azpeitiko udaletxeko erregistroan. Aurtengoa bekaren hamabigarren deialdia da. Izan ere, Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen omenez, goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko sortu zuen Azpeitiko Udalak Joxe Takolo Beka, 2001ean. Proiektuak jatorrizkoak eta maila handikoak izan behar dute. 

Aurtengo diru-laguntza 3.000 eurokoa izango da, eta Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak finantzatuko dute.

Bekara aurkezteko proiektuek goi-mendizaletasunarekin lotura izan behar dute, eta aurten egitekoa izan behar du. Proiektua antolatzen edo parte hartzen dutenek Euskal Herriko mendizaleak, mendi elkarteak edota beste era bateko elkarteak edo taldeak izan behar dute.

Aurkeztutako egitasmoen artean zein lagundu erabakitzeko batzorde teknikoa osatuko dute, erakundeetako ordezkariek eta gaian adituak direnek. Beka ematerakoan kontuan izango dute egin nahi den jardueraren kalitatea, entitateak bere jarduera-eremuan agertu duen ibilbidea, jarraipena eta egonkortasuna, partaide-kopurua eta jardueraren iraupena eta zabalkundea, jardueraren finan­tziazioa, jarduera antola­tzeko azpiegitura eta giza-baliabideak, kirol eta gizarte-mailan jarduera horrek duen interesa, antzeko kirol programa edo eskain­tza­rik ez egotea eta jarduera hori kualifikatutako per­tso­nal teknikoak gara­tzea. Batzordeak apirilaren 1etik 15era bitartean hartu eta jakinaraziko du erabakia.

Joxe Takolo beka jaso dutenak

2001: Pumori.

2002: Nanga Parbat 2002.

2003: Elurretako leopardoa.

2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino.

2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk.

2006: Hutsik gelditu zen beka.

2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo.

2008: Marokon eskalada.

2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa.

2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa.

2011: Hutsik gelditu zen beka.

2012: Circo de las inescanables.

2013: Hutsik gelditu zen beka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide