Mondragonek eta Fagorrek bazkide ez diren langileak "mespretxatu" dituela salatu du ELAk

Uztarria.com, Berria.info 2014ko ots. 10a, 14:12

ELAko ordezkariak gaur, astelehena, egin duten agerraldian. (ELA)

Jose Villarreal negoziazio kolektiboko arduradunaren esanetan, argi geratu da Edesa, Grumal eta Fagor Etxetresnetako 335 langileren egoerak ez diela axola. Mondragon Taldeak eta Fagor Etxetresnak enpresak bazkide ez diren Grumal eta Edesako langileak "mespretxatu" dituela salatu dute.

Bazkide ez diren langileekin Mondragonek "marra gorri guztiak gainditu" dituela uste du ELAk, eta Joseba Villareal sindikatuko negoziazio kolektiboaren arduradunaren esanetan, "multinazional zikoitzenaren pare" ari da jokatzen kooperatiba taldea, eta agerian geratu da 335 langileren egoerak ez diola axola. Hain zuzen, kalean geratuko diren Edesa (82), Grumal (147) eta Fagor Etxetresnetako (106) langileak dira horiek. Horrez gain, "komunikaziorik ez dagoela, bilerak ezin dituztela egin, erantzunik gabeko galderak dituztela, erabateko mespretxua jasan dutela eta internbiderik bilatzeko borondaterik ez dutela" ere esan dute.

Azaroaren 29an sartu zen konkurtsoan Fagor Etxetresnak, baita Edesa eta Grumal ere. Gaur, astelehena, agerraldia egin dute enpresa horietako ELAko ordezkariek, Joseba Villareal negoziazio kolektiboaren arduradunak eta Itziar Larrazabal ELAko Industria federazioko arduradunak eta salatu dute ordutik bi aldiz bakarrik bildu dira ELAko ordezkariak kooperatibarekin. "Bietan argi utzi digu bazkide ez diren langileak proiektutik kanpo geratuko direla".

Konkurtsoa kudeatzen ari diren administratzaileek ere hasieratik esan zuten kaleratze espedientea eskatuko zuela bazkide ez zirenentzat, eta hala egin zuen. Joan den astean eskaera hori tramitera onartu zuen epaileak. ELAk komunikabideen bidez izan du Edasako langileek prestatutako bideragarritasun planaren berri. Alabaina, Basauriko lantegiko kontseilu sozialarekin ere elkartu, eta hark ere jakinarazi die proiektu berriak bazkide ez direnekin ez dutela kontatzen. Grumalen kasuan, langileek %100 kaleratu nahi dituzte, eta "babesik gabeko egoera latzean daude Grumal eta Edesa lantegietan bazkide ez diren beharginak", esan dute.

Jaurlaritzari ere egin die eskaera sindikatuak: "diru publikoa jartzen badu, langile guztiak hartu behar ditu, bestela euro bakoitzarekin kaleratzeen konplize izango da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide