Osasuna suspertzeko eta istripuak ekiditeko astea antolatu du DYAk

Uztarria.eus 2014ko ots. 12a, 12:35

Doako tailerrak eta hitzaldiak izango dira hilaren 17tik 21era bitartean. Besteak beste, gaixotasunak eta istripuak sahiesteko jarraibideak azalduko dituzte.

DYAko Gipuzkoako Irakaskuntza Eskolak Osasunaren eta istripuen prebentzioaren astea antolatu du datorren astelehenetik ostiralerako. Aste osoan tailer eta hitzaldiak izango dira, jendeak gaixotasunak eta istripuak sahiesteko, eta horretarako oinarrizko kontzeptuak azalduko dira. Hala nola, osasuna eta ongizatea suspertzeko oinarrizko jarraibideak emango dituzte. Tailerrak eta hitzaldiak parte-hartzaileak izango dira, eta eduki teorikoez gain, bertaratzen direnen testigantzak eta kontsultak nahiz iritziak elkarbanatzeko aukera izango da.

Ekimen guztiak doakoak izango dira, eta interesa dutenek nahi duten hitzaldi edo tailer horietara soilik joateko aukera izango dute. Izena eman behar da, 943 46 46 22 telefono zenbakira deituta edo irakaskuntza.eskola@DYA-gipuzkoa.com helbidera mezu bat bidalita.

Ikastaro eta hitzaldi guztiak 19:00etatik 21:00etara izango dira, DYAren Azpeitiko egoitzan (Urola kalea).

Hemen tailerren eta hitzaldien egitaraua:

Otsailak 17, astelehena

Ohiko larrialdi egoeretan hartu beharreko jokabideei buruzko hitzaldia: esaterako, miokardioko bihotzekoa, konbultsioak, zorabioak, erredurak, traumatismoak eta garun-baskulako istripuak landuko dira.

Otsailak 18, asteartea:

Hesgailuen oinarrizko tailerra: hesgailuak edo bendak eskuan, besoan, sorbaldan, oinean, belaundean eta hankan nola jarri irakatsiko dute.

Otsailak 19, asteazkena:

Etxeko istripuen prebentzioari buruzko hitzaldia: erreduren, erorikoen eta intoxikazioen aurrean nola jokatu azalduko dute, besteak beste.

Otsailak 20, osteguna:

Bihotz-biriken suspertzeari buruzko tailerra: suspertzeko egin beharreko mugimenduen ikastaro praktikoa izango da.

Otsailak 21, ostirala:

Zure bihotza zaintzea hitzaldia: bizitza osasuntsua eramateko, kontuan izan beharreko alderdi guztiez hitz egingo dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide