Jokin Apalategi: "Europako nazio bat bagara, Europako estatu izatea behar dugu"

Uztarria.eus 2014ko ots. 13a, 18:02

Josu Albero (Gure Esku Dago) eta Jokin Apalategi, Sanagustingo hitzaldian.

Euskal nazioa erakundetzearen beharraz hitz egin zuen Ataungo soziologoak Sanagustinen, 70 ikus-entzuleren aurrean, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako Herria, nazioa eta estatua hitzaldian.

Jokin Apalategi (Ataun, 1943) herria, nazioa eta estatua kontzeptuen gainean luze eta zabal aritu zen atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. Soziologo eta idazle ataundarrak Azpeitiko Gure Esku Dago dinamikak gonbidatuta egin zuen hitzaldia Azpeitian, erabakitzeko eskubidearen inguruan antolatutako zikloaren barruan. Ikusmina sortu zuen Apalategiren hitzaldiak: 70 lagun inguru elkartu ziren Sanagustinen bere hitzak entzuteko, eta ordu eta erdiko hitzaldiaren ondotik beste ordu erdiz luzatu zen saioa, ikus-entzuleen galderekin eta hizlariaren erantzunekin.

Euskal Herriaren gaurko egoeraren baloraziora iritsi aurretik, kokapen-lanean aritu zen zabalen Apalategi. Alde batetik, "euskal askazia" deritzonaren sorreraz eta bilakaeraz aritu zen, Barandiaranen zein gaur egungo zenbait ikertzaileren lanen aipuekin, eta horrekin lotuta euskararen aintzinatasunaz. Bestetik, aintzinako Greziatik abiatu eta gaur egungo nazio-estatuetara iritsi arte herritik naziora eta naziotik estatura mendez mende bizi izan diren kontzeptu eta antolaketa politikoen errepasoarekin.

Apalategiren hitzetan, gurean bada "jendarte bat, zaharra, aspaldikoa, historiaurretik honaino aldaketa asko ezagutu dituena". Eta, bilakaera horren barruan, gogoratu zuen Euskal Herria osorik hartu izan duen "proiektu erakundetzailerik behin ere ez" dela egon, "ezta Nafarroako Erresumaren garaian ere".

Eta erakundetzea ezinbesteko ikusten du berak, nazio bezala iraun nahi bada; nazioaren iraupena ahalbidetuko duten erakundeak sortzea. Europan, hiritartasuna, nazionalitatea, nazio-estatuek ematen dutela ekarri zuen gogora: "Euskaldunok nazioa dugu, baina nazionalitatea ez. Lapurtu egin digute". Gaur egungo errealitateari helduta, "euskaldunak momentu historiko inportante" batean gaudela deritzo, "uzta aro batean. Jabetu gara gure izaera, arazoak, bizimodua... gure erritmora bizitzeko, estatu bat behar" dugula. Nazio izaera aldarrikatzea ez da nahikoa, Apalategiren aburuz: "Europako nazio bat bagara, Europako estatu izatea behar dugu. Estatuak bakarrik emango digu guk behar dugun instrumentala".

Uzta aro horrek, baina, etengabeko bultzada behar duela ekarri zuen gogora Apalategik. Zentzu horretan, "Gure Esku Dago egiten ari dena izugarri inportantea da. Saiatu gaitezen denok hori indartzen eta bultzatzen", esan zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide