Maite Etxezarreta: "Pertsona bakoitzari eskaini beharreko zerbitzua desberdina da, profila eta egoera desberdinak direlako"

Uztarria.eus 2014ko ots. 14a, 13:57

Maite Etxezarreta Enplegu Orientazio Zentroko orientatzailea.

Pasa den abenduaren erdialdean jarri zituzten abian Azpeitiko eta Azkoitiko Enplegu Orientazio zentroak. Eguneroko martxa hartu dute bi herrietako guneek dagoeneko, eta orientatzaileak ere lanean dabiltza buru-belarri. Azpeitiko Enplegu Orientazio zentroa Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan dago, eta bertan hartu du Maite Etxezarretak, zentroko orientatzaileetako batek, Uztarria.com.

Zer moduzkoa izan da hasiera?

Denbora gutxi daramagu martxan. Abenduaren erdi aldean hasi ginen abian, eta oraindik hastapenetan gaude. Egia esan, erantzun oso ona izaten ari da. Bi bidetatik dator jendea. Gu zentru kolaboratzailea gara, eta Lanbidetik bideratuta iristen da jendea hona, eta bere kasa ere etortzen da jendea, iragarkia ikusi duelako edo ahoz ahokoari esker. Erantzun ona jasotzen ari gara, jendea etortzen ari da, nahiz eta ez dakidan hori seinale ona den.

Gainera, jendea esker onekoa da. Batzutan, ezin izaten dugu ezer handirik egin, egoera dena delako eta baliabide handirik ez dugulako.

Zer zerbitzu eskaintzen dituzue zentroetan?

Batetik, orientazio zerbitzua eskaintzen dugu. Banakako zerbitzua da. Pertsona bakoitzari eskaini beharreko zerbitzua desberdina da, profila eta egoera desberdinak direlako. Langabezi saria jasotzen ari dira batzuk, eta beste batzuk diru-sarrera eta laguntza guztiak bukatuta dituztelako, egoera larrian daude. Horrenbestez, oso pertsonalizatua da orientazioa.

Bestalde, enplegu zentroa daukagu. Ordenagailuak eta eguneratutako informazioa eskaintzen dugu bertan. Lan-eskaintza aukerak eta ikastaroen berri ematen dugu, besteak beste. Lanarekin lotura duen informazioa eskaintzen dugu. Horrez gain, herritarrak etortzen dira ordenagailua erabiltzera, etxean ez duelako edo erabiltzen ez dakielako, eta horiei ere laguntza eskaintzen diegu. Enplegu zentroa leku dinamikoa da, ordenagailuak-eta daude, eta lana bilatzeko gune aktiboa da.

Oro har, nori zuzendutako zerbitzuak eskaintzen dituzue?

Edonorentzat dago zabalik Enplegu Orientazio zentroa. Gehienbat langabetuak etortzen dira, baina lanean gustura ez dagoen edo lan egiten duen enpresaren egoera oso ona ez den jendea ere etortzen da. Horiez gain, lanean ari den, baina lanez aldatu nahi duen jendea ere bai.

Nolako da bertaratzen den jendearen profila?

Datozen herritarren %95 langabetuak dira, eta gainerakoak bizi dugun egoera dela-eta, zerbait begiratzen hasi nahi dutenak dira, ez dakitelako zer gertatuko den lan egiten duten enpresarekin. Adinari dagokionez, gaztea etorri da, baina, batez ere, 40-45 urte inguruko jendea izan da.

Zeren bila etorri da jendea?

Gehienekin Kurrikuluma lantzen dugu, hobetzeko eta egin gabe dutenek osatu dezaten. Bestalde, prestakuntzaren inguruko informazio ere eskatzen dute. Lanik ez duen jendeak prestatzea nahi izaten du, eta aztertzen dugu zer aukera dauden, nahiz eta orain ez dagoen eskaintza handiegirik.

Bestalde, Internet asko lantzen dugu lana bilatzeko baliabide gisa, beharrezkoa dela uste dugulako. Orain arte jendeak pentsatzeko modu bat izan du. Kurrikulumak bidali, eta "zerbait bada Lanbidetik deituko didate pentsatzen zuen". Txipa aldatu egin behar da, egoera aldatu delako. Interneteko hainbat txoko lantzen ditugu. Izan ere, jende askok badakien arren, badira Interneteko lan-eskaintzen atariak-eta ezagutzen ez dituenak.

Lanbidek eskaintzen ez duen zer eskaintzen duzue zuek?

Lanbidek diru-laguntzak eta kudeatzen ditu. Laguntzak moztu edo eman beraiek egiten dute. Guk ez dugu horretarako eskumenik. Guk eskaintzen dugun orientazioa eta Lanbidek eskaintzen duena antzerakoa izan daiteke eta, gainera, Lanbidek beti egin du lan zentro kolaboratzaileekin. Enplegu zentro zerbitzurik ez du Lanbidek, eta guk bai. Orain hona bideratzen dute jendea.

Ekintzailetasuna sustatzeko helburua ere baduzue, ezta?

Gu Iraurgi Berritzeneko langileak gara, eta han eskaintzen dute zerbitzu hori. Guk ikusten badugu ekintzaileren bat lanen batekin bueltaka dabilela, baina ez duela argi zer eta nola egin, azaltzen diogu laguntza emateko badela pertsona bat, eta hara bideratzen dugu. Zerbitzua doakoa da, gainera. Galdera korapilatsua ez bada, guk azaltzen diegu, baina bestela Iraurgi Berritzenera bideratzen ditugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide