Erabakimena jomugan

Uztarria.eus 2014ko ots. 17a, 11:50

Miren Odriozola eta Leire Ibarguren emakume mugimenduko kideak.

Uztarria herri aldizkariaren otsaileko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 158. zenbaki horretan abortua arautzeko PPren lege proiektua hizpide izan dute haurdunaldia eten zuen herritar batek eta emakume mugimenduko kideek, eta erreportaje hori ekarri dugu hona.

Abortatzeko eskubidea arautzeko Espainiako Gobernua prestatzen ari den lege berriak zalaparta eta kritika gogorrak ekarri ditu. Lege proiektu murriztaile hori abiapuntutzat hartuta, Uztarriak Azpeitira ekarri du gaia eta haurdunaldia-eten duen herritar baten testigantza anonimotasunetik  jaso du. Horrez gain, emakumearen gorputzaren subiranotasunaren alde borrokan diharduten Bilgune Feministako kide Miren Odriozola eta Leire Ibargurenekin ere hitz egin du Uztarriak.

"Ez genuen ezkutuan eraman". Emakume baten lekukotza (Adina: 25 urte. Haurdunaldia eten zuen: Duela bi urte, 23 urterekin)

"Lau-sei asteko nengoela jakin nuen haurdun nengoela. Sintomak sentitzen hasi nintzen, ondoeza, goragaleak... Pentsatu nuen elikadura arazoren bat izango zela, arraro sumatzen nuen gorputza. Amarekin haurdunaldi-testa egin nuen, eta positibo eman zidan. Badaezpada ere bigarren proba bat egin nuen, eta hark ere positibo eman zidan. Sinestu ezinik nengoen eta, orduan, Lagun Aro aseguru-etxearen bidez ginekologoarengana joan nintzen. Hark baieztatu zidan haurdun nengoela; ez dakit, lau edo sei asteko nengoen. 
 
Hasieran asimilatu ezinik geratu nintzen. Inoiz ez nuen pentsatuko, baina hasiera batean haurdunaldiarekin aurrera egitea nahi nuen. Ordura arte garbi nuen haurdun geratuko banintz eten egingo nuela, baina benetan geratu nintzenean, ez dakit nire barruko amatasuna piztu zen-edo, baina aurrera egiteko fasea izan nuen. Ez genuen ezkutuan eraman, eta nahiko naturaltasunez bizi izan genuen guztia. Bikotekidearen eta nire familiaren aldetik asko hitz egin genuen. Baiezkoan nengoen arren, bi aste horri bueltaka igaro genituen. Batekin eta bestearekin esperientziak eta iritziak jasotzen nenbilela, inguruko batek galdetu zidan ea benetan umea eduki nahi al nuen. Haurdun nengoela jakin nuenetik lehenengo aldiz benetan orduan egin nion galdera hura neure buruari. Hasieran nahiko itsututa nengoen, eta galdera hura neurekiko egitean hasi nintzen pentsatzen zein puntutan nengoen. Askotan esaten digute ez dugula egonkortasun ekonomikoa, baina konturatu nintzen horren gainetik dagoela egonkortasun emozionala. Neure buruari begiratu eta zer puntutan nengoen ikusi nuen, eta benetan umea nahi al nuen neurekiko galdetzean, jabetu nintzen ez zela hura nahi nuena. Argi ikusi nuen ez zela une hartan egin behar nuena. 
 
Horretaz jabetu nintzenean argi nuen ezezkoa zela erantzuna. Lasaitasun handia sentitu nuen erabakia hartzean. Gogorragoak izan ziren aurreko bi asteak. Beldurra ere banuen, etorkizunean ondorio psikologikorik erangingo ote zidan... Ez zen izan erabaki prezipitatua. Ez ginen ezkutuan ibili, eta hori mesedegarria izan zitzaigun gauzak hobeto pentsatzeko. 
 
Hala, haurnaldia etetea nahi nuela esan nuen Lagun Aron, eta orduan Osakidetzara bideratu ninduten, herriko anbulatorioko emaginarengana; eta handik Donostiako ginekologo batengana. Guztia doan izan zen. Ez dut gogoan zer informazio edo aukera eman zidaten abortatzeko. Uste dut aukerarik ez zidatela eman, bide bakarra zegoela esan zidaten. Gainera, haurdunaldia eteteko epea amaitzear genuen.

“Delitu bilakatu nahi dute”

Abortatzeko eskubidea arautzeko Espainiako Gobernuak aurkeztutako lege proiektuak pertsonalki asko eragiten dit. Horretatik pasatu naiz, eta orduan aukera nuen aurrera edo ez egiteko. Erabakitzeko aukera izan nuen, eta erabaki egin nuen zer nahi nuen eta zer ez. Orduan, erabaki horren gaineko eskubidea kentzea izugarrizkoa iruditzen zait. 
 
Abortuaren inguruan ez da naturaltasunez hitz egiten, eta ikusten dugu inguruan badagoela abortatu duen jendea, baina norberari tokatu arte ez zenekiena. Izugarrizko tabua dago gaiaren inguruan, eta halako legeek ez dute konpontzen laguntzen. Naturaltasuna kendu eta delitu bihurtzen dute. 
 
Pertsona bat derrigortasunera bultzatzea oso larria da. Derrigortzeak ondorio larriak eragin ditzake emakumearengan, psikologikoki, batez ere. Ekonomikoki aurrera irtengo du, baina norbera emozionalki horretarako prest ez badago, ondorioak izan ditzake pertsonak. Zorionez, ia beti dago familiaren laguntza, baina ez da inondik inora bidezkoa. Atzerapauso hutsa izango da legea. 
 
Gaiaren eta abortuaren inguruan informazioa ematea beharrezkoa da. Era berean, aberasgarria da horretatik pasatu den norbaiten hitzak entzutea; behintzat erabakia hartzerako garaian tresna guztiak eskura izan ditzala, baina abortatzeko aukerarekin, noski. Hor dago funtsa; nik ez dut inolako ondoriorik izan, eta ez naiz geratu duela bi urteko bizipenetan trabatuta, benetan nahi nuena aukeratu nuelako. Ondorio psikologikoak bi aldetara jasan daitezke, eta hori ez da arrazoia abortuari ezetz esateko. 
 
Haurdunaldia eteteko momentua bera latza izan zen. Hamar minutuz asko sufritu nuen. Beldurra ere banuen, gero nola sentituko nintzen. Baina aske sentituz irten nintzen, eta ez dut arrastatu orduko ezer, argi nuelako zer egin nahi nuen.  Haurdunaldia aukera bat bezala ulertu behar dugu, eta ezin da lotu emakumea amaren figurara".

Urte askotako borroka

Abortatzeko eskubidea arautzeko PPren Gobernuak aurkeztutako lege proiektua "inboluzionista eta atzerapauso izugarria" dela adierazi dute borroka feministan diharduten Miren Odriozolak (Azpeitia, 1944) eta Leire Ibargurenek (Azpeitia, 1979). Abortuaren inguruko legeak izan duen bilakaera "aipatzekoa" dela diote. 1970eko hamarkadaren erdi aldera, Odriozola Bilbon bizi zen, han ari baitzen ikasten eta lanean eta, garai haietan, antisorgailuak despenalizatzearen eta abortua legeztatzearen aldeko borroka bete-betean zegoela dio. "Garai hartan antisorgailuak ez zituzten ematen, debekatuta zeuden eta abortua baldintza guztietan kartzelarekin zigortuta zegoen. Bere garairako aurreratua zen Bilboko andre batek esan zidan halako ginekologorengana joan eta esaten banion ikaslea nintzela eta artean ezkontzerik ez genuela pentsatzen, antikontzeptiboak lortuko nituela. Eta halaxe eman zizkidan. 1977an, antisorgailuen legeztapenerako aldarrikapen kanpainarekin hasi ginen eta ekimen asko antolatu genuen: elkarretaratzeak, manifestazioak...". 
 
Urte hartan bertan, Euskal Herriko lehenengo topaketa feministak egin zituzten Leioako unibertsitatean, eta Odriozolak parte hartu zuen. "Ekimen esanguratsua izan zen oso, 3.000 emakume inguru bildu ginen eta han landutako gairik garrantzitsuenak abortua, sexualitatea eta planifikazio familiarra izan ziren. Urte haietan, mugimendu feministak indar handia hartu zuen eta borroka asko egin zen". 1979-1982 urteetan, esaterako, abortuak egiteaz salatuak izan ziren Basauriko 11 emakumeri elkartasuna adierazteko lau urtez luzatu zen kanpaina. "Itxialdiak egin genituen, Bizkaiko Foru Aldundian lehenbizi, eta poliziak arrastaka atera eta komisaldegira eraman gintuen; gero, Bilboko udala hartu genuen eta ehunka emakumek bertan pasatu genuen gau osoa. Talde desberdinetan antolatu eta hainbat gairen inguruan hausnartu eta oso interesgarria eta arrakastatsua izan zen mobilizazioa. Lan asko egin zen eta borroka haren poderioz lortu zen emakume guzti haiek absolbitu eta kartzelatik ateratzea, 1982. urtean". 
Hurrengo urtean, 1983an, Gobernu Sozialistak abortuaren bere lege proiektua onartu zuen eta, 1985ean, abortuaren zatikako despenalizazioa ekarri zuen araudi berria sartu zen indarrean. Hiru baldintzetan eta ezarritako epeetan eten zezakeen haurdunaldia emakumeak: haurdun zegoen emakumearen osasuna arriskuan zegoen kasuetan –honek ez zuen eperik–, bortxaketa kasuetan eta umekian malformazioak zeudenetan.   
 
Ibargurenek gaineratu duenez, mugimendu feministak borrokan segi zuen abortatzeko eskubidearen alde, "beti pentsatu izan baitugu abortatzeko eskubideak, gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubideak, doakoa eta librea behar duela izan. Aldarrikapen horiei esker, 2010ean, PSOEk bultzatu zuen abortatzeko eskubidearen aitortzan eta sexu eta ugalketa-eskubideen espazioan zerbait irabazi zen eta 12. astera arte edozein emakumek zuen borondatez haurdunaldia eteteko eskubidea. Alabaina, PSOEk bultzatu zuen lege haren onartzearekin, murrizte bat ere eman zen: amaren osasuna arriskuan zegoen kasuak eperik ez izatetik 22. astera artekoa izatera pasatu zen". 

"Moral bikoitza"

Momentu honetan, abortuaren gainean PPk aurkeztutako lege proiektuak "esanahi sinboliko asko ditu eta kontraesanez betetako diskurtsoa da, 1985eko legea baino atzerakoiagoa", Odriozola eta Ibargurenentzat. Izan ere, lege berri honen arabera, egoera zehatz batzuetan baino ezin daiteke eten haurdunaldia: bortxaketa eta amaren osasuna arriskuan dagoen kasuetan, hain zuzen ere. Umeak malformazioren bat duen kasua ez du legeak jasotzen edo babesten.  
 
Lege berriaren aurrean, "atzerapauso handiak" salatu dituzte bi kideek. "Alde batetik, emakumeok gure gorputzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubiderik ez dugu. Gure gorputzaren, sexualitatearen eta ugalketaren gaineko eskubidearen kontrola estatuak du bere gain, horretarako dituen tresnen bidez. Bortxaketa kasuetan epaileak erabakiko luke; amaren osasuna arriskuan dagoenetan, berriz, medikuek. Eta horrek eragina du emakume guztiongan, ez bakarrik haurdunaldia eten nahi dutenengan. Izan ere, sistema patriarkalaren oinarri sendoenetakoa emakumea kontrolatzea da; oinarrizko egitura familia da eta, nolabait, abortatzeko eskubidea ukatuta emakumea umeak izatera behartzen dute, patriarkalari dagokion papera beste ezeren gainetik betez". 
 
"Bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dute etengabe, baina osasungintza publikoan emakumeei abortatzeko eskubidea ukatuta, klase sozial baxuko emakumeak bizitzak arriskuan jartzera behartzen dituzte, horiek abortatzeko klandestinitatera joko baitute".
 
Bestalde, nahi gabeko haurdunaldiak eragozteko modu eraginkorrena, emakume gazte zein helduei "hezkuntza afektibo-sexuala eskaintzea" dela dio Ibargurenek. Alabaina, "egun ematen ari diren murrizketekin informazio guzti hori ukatzen ari dira eta, gainera, abortatzeko eskubidea ukatzen zaie". 
 
Horiez gain, malformazioak edo dibertsitate funtzionala duten fetuen kasuan ere "emakumeari abortatzeko eskubidea ukatzen" zaiola eta, "egun egiten ari diren murrizketa guztiekin, justu, normatiboak ez diren gorputz horiek, dibertsitate funtzionala duten pertsona horiek bizitzeko eta bizi baldintza duina edukitzeko oztopo pila ari dira jartzen". 
 
Legearen bueltan "norbere gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidearen erabateko ukazioa" dagoela salatu dute. "Etengabe, emakumearen gorputzaren gaineko erabakia hirugarren pertsonen esku dago, legeen edo estatuaren eskuetan. Hori da larriena".
 
Odriozolak gaineratu duenez, "berriro ere emakumea erabaki bat hartzeko adina ez balu bezala geratzen da, ume bat izango balitz bezala. Eta emakumeen eskubide horiek estatuaren, epaileen eta medikuen gain geratzen dira. Hainbeste aldarrikatzen dute bizitza eta, gero, moral bikoitza dute. Egunero-egunero, munduan goseak hiltzen dira umeak, gizonen eskuetan hiltzen dira emakumeak, eta horien bizitzak defendatzeko zer egiten du estatuak? Emakumeek, gizonek, gizarte osoak borroka egin behar du lege hau aurrera atera ez dadin".
 
Gauzak horrela, martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Eguna antolatzeko, hilaren 14an Emakumeen Txokoan egingo den batzarrean (19:00) parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Mozioa

Abortatzeko eskubidea arautzeko PPren Gobernuak aurkeztutako lege proiektuaren aurrean, Azpeitiko Emakume Mahaiak aurkeztutako mozioa aho batez onartu du Azpeitiko Udalak, otsaileko udalbatzarrean.
 
Mozio horretan, besteak beste, honakoa eskatzen zen: PPk aurkeztutako Kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako legearen aurreproiektua gaitzestea, "atzerakoia delako eta emakumeen eskubideak urratzen" dituelako. Era berean, Udalari eskatzen zitzaion "emakumeen autonomiarekiko eskubidea eta haurdunaldia-etetea emakumeen borondatea direla berrestea", eta "abortuak osasun sistema publikoaren baitan egitearen aldeko hautua" egitea. Legearen kontra feministak egiten dituzten "ekimenak babestea" ere eskatu zaio Udalari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide