Astelehen berezia atzokoa

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2014ko ots. 18a, 11:32

"Igande arratsaldetarako plan ederra da kontzertuetara joatea, gaur bezala" aipatu ziguten atzo, pare bat lagunek. Egia da. Asteak ere ez dira berdin hasten. Gaurko astelehenak beste zapore bat du, eta ez da 'astelehen'. Depedro eta Joseba Irazoki izan genituen Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, bi artista handi.

Gasteizen lehendabizi eta gero Donostian izan zen. Azkenik, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Depedrok 'La increible historia de un hombre bueno' diskoa aurkezteko hiru hiri/herri horiek hautatu zituen. Baina Azpeitian beste bidelagun bat topatua zuen, beste bietan ez zegoena: Joseba Irazoki. Eta honek eman zion hasiera arratsaldeko kontzertuari.

Jende asko hurbildu zen kulturgunera. Batzuk bi taldeak ez zituztela ezagutzen aitortu ziguten, baina "onak" zirela esan zietelako etorri zirela. Beste batzuk, Tumatxak saioan ezagutu zutelako, Irazoki ikustera etorri zirela. Gehiengoa, baina, ezagutzen zituzten musikariez gozatzera etorri zen.

Irazoki atera zenean oholtzara, hartu zuen gitarra, jarri zen bonboaren aurrean eta hasi zen. Hortik aurrera, pertsona bakar batean zentratutako 'talde' baten kontzertua, laburra bezain eroa jaso genuen. 

Irazoki gauzak jasotzen ari zela, Jairo Zavala, Depedroko abeslaria, gerturatu zitzaion: "Aizu, ikaragarri gustatu zait egiten duzuna; makina bat zara. Gurekin kanta bat jo behar duzu..." eta ze nota ziren esan zion.

Depedro hirukote moduan aurkeztu zen oholtzan. Publikoari gerturatzeko eskatu zion lehendabizi. Hasierako kantuen ondoren berriro. Eta berehala beste behin. Eta jendeak erantzun zien hiru eskaerei erabat oholtzara gerturatuz.

Horrez gain, musika bidez dantzan eta hitzen bidez irribarre egiten ere jarri zuen publikoa, erakutsiz musikari handia eta pertsona gertukoa dela. Azken diskoaren errepaso guztia egin zuen, baita ondoren ateratako 'Casualidades' bilduma laburrekoak ere eta kantu zaharragoetara ere joan zen. 

Eta aipatutakoa. Kontzertua amaitzen ari zela Comanche kantua jo behar zutela eta Irazokiri oholtzara igotzeko eskatu zion Zavalak. Irazoki igo, gitarra hartu eta dakiena egin zuen, inprobisatuz kantua borobildu. "Alu honek, lotsatan utzi gaitu" izan zen Zavalaren erantzuna. 

Atzoko oroitzapenak ditugu oraindik beroan eta astelehen hau ez da 'astelehen'. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide