Azpeitiko Udalak 2013ari dagozkion 110.000 euro itzuli beharko dizkio Aldundiari

Uztarria.eus 2014ko ots. 18a, 20:09

Gipuzkoako udal guztien artean itzuli beharreko 5,6 milioietatik kopuru hori dagokio Azpeitikoari. Azken urteetan bezala itzulketa egin beharko duten arren, hasieran esperotakoa baino diru gutxiago da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo, astelehena, 2013ko Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren likidazioaren berri eman zien udalei. Funts horren bidez, Aldundiak urte hasieran dirua aurreratzen die lurraldeko udal guztiei, urte horretarako egin duen zerga bidezko diru-bilketaren prebisioan oinarrituta. Azken urteetako krisiak eraginda, ordea, diru-bilketak foru prebisioen azpitik ibili dira eta, horrela, likidazioa egiteko unea iritsitakoan -orain egin dute, adibidez, 2013koa-, udalei jasotako diruaren zati bat Diputazioari itzultzea tokatzen ari zaie.

Aurten ere horrela gertatu da: 2013an jasotakotik 5,6 milioi euro itzuli beharko dizkiote, Gipuzkoako udal guztien artean, Aldundiari. Hala ere, bai Aldundiak, bai udalek espero zutena baino txikiagoa da kopurua, EAEko hiru aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen duten Finantza Kontseiluan joan den astean lortutako akordioari esker. "Finantza Kontseiluan akordiorik lortu izan ez bagenu, 5,6 milioi horiek bikoitza izan zitezkeen", adierazi zuen atzo Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak.

Kolpea, baino txikiagoa

Azpeitiak aipatutako 5,6 milioi horietatik 110.000 euro itzuli beharko dizkio Diputazioari. Manuel Unanue Udaleko Ogasun batzordeburuak Uztarriari azaldu dioenez, dirua itzuli beharra inoiz ez da albiste ona udalentzat, "baina aurten kolpea espero baino txikiagoa izan dela esan daiteke".

Diru gutxiago itzuli beharrak, dena den, Udalaren kontuetan "eragin nabarmenik" ez duela izango ere esan du Unanuek. Azken urteetako egoera eta joera ikusita, "Udalaren prebisioak ere antzeko ildotik egin genituelako". Iazko kontuen likidazioari dagozkion 110.000 euro horiek aurten itzuliko ditu Udalak, lau epetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide