Agustin Unzurrunzaga: "Migrazio politikak, pasiboki bada ere, onartu egiten ditugu"

Urola Kostako Hitza 2014ko ots. 19a, 11:12

Elkar-ekinen eskutik, etorkinen eta migrazioaren inguruko hitzaldi bat izango da gaur, asteazkena, Sanjuandegiko auzo-lokalean. Urola Kostako Hitza-k hitzaldia eskainiko duen SOS Arrazakeria taldeko kidearekin, Agustin Unzurrunzagarekin, hitz egin du.

Azpeitiko Elkar-ekin elkarteak  jatorri aniztasunaren inguruko lan talde bat osatu eta gaiari buruzko gogoetak egin ditu azken hilabeteetan. Inguruko herrietako esperientziak entzun ondoren, elkarbizitza bultzatzeko egitasmoak antolatu ditu. XJ Auzolanean taldearekin elkarlanean, SOS Arrazakeria elkarteko Agustin Unzurrunzagak (Bergara, Gipuzkoa, 1947) migrazioaren eta etorkinen egoera izango du hizpide gaur asteazkena (otsailak 19), 19:00etan, Sanjuandegiko auzo elkartean. "Azalpen batzuk eman ondoren, bertaratutakoekin solasaldia izango dugu", esan du hizlariak.

Horrez gain, mahai inguru bat egingo dute martxoaren 21ean, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. "Bitartean, jatorri ezberdineko azpeitiarrekin harremanak egiten joango gara, errealitate ezberdinak jakin eta elkar ezagutza bultzatzeko", esan dute. Era berean, udaberrirako ekintza gehiago antolatuko dituztela aurreratu dute. Gai honekiko interesa dutenek eta lan taldean parte hartu nahi dutenek Azpeitiko elkartearekin jar dezakete harremanetan, elkar_ekin@hotmail.com helbidera idatzita.

Zein da gaur egun Gipuzkoako migrazioaren egoera?

Egun, emigrazioa handiagoa da immigrazioa baino; fenomenoa nahastuagoa dago; jendeak etortzen jarraitzen du, baina joan ere egiten da. Batzuk jaioterrira itzultzen dira, baina gehienak beste herrialde batzuetara joaten dira. Birremigrazio fenomeno nabarmena dago egun. Horrez gain, bertakoek emigratu egiten dute. Batez ere gazteak dira, lan bila doazenak Europako herrialdeetara.
Krisiaren eragina langabezia tasetan oso nabarmena da etorkinen kasuan, horrek dituen ondorioekin; kontratuak tamalgarriak izaten dira, eta etxeko lanetan aritzen dira gehienak. Zerbitzuen sektorean aritzen dira, eta sektore horrek baditu bere arazo propioak. Migrazioen panorama bera aldatu egin da krisiaren eraginez. Batetik, jende askoz gutxiago etortzen da; 2007an Espainiako estatuan ia milioi bat pertsona sartu ziren, eta egun 300.000 lagun etortzen dira.

Krisiak nolako eragina du mugimendu hauetan?

Eragina zuzena da. Gipuzkoan, %13ko langabezia tasa dago, eta Urola Erdian tasak altuagoak dira. Baina etorkinen artean %33ra igotzen da tasa hori. Ezberdintasun garrantzitsua da hori. Horrez gain, askok esaten digute lan egin arren ekonomikoki ez duela merezi hemen egoteak; egoera kaskarragoan daudela. Gainera, kontraesan batean aurkitzen dira etorkinak; hemen laguntzak jasotzeko aukera gehiago dute, baina bizitza garestiagoa da Gipuzkoan. Elementu horiek guztiek eragina dute batzuengan; izan ere, gehienek epe luzera hemen jarraitzeko asmoa dute.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide