Oraintxe etorriko dira bi urte Sevillako maratoia egin genuenetik. Bereziki oroitzapen hunkigarria dut lasterketa hartaz, neure egoera fisiko eta pertsonala medio, gogorra egin zitzaidalako, baina aldi berean, erronka zail hari aurre egin ostean oso emozio eta satizfazio fuerteak sentitu nituelako. Gogoratzen dut nola hanketan gogortasuna sentitzen hasi nintzen lehen unetik ondoan etengabe eta etsipenik gabe babesa, laguntza eta animoa ematen eduki nuen nire korrikakide fidela (Iñaki bai, nire Iñaki); nola gure inguruan zebiltzan italiar eta espainiar batzuk lagun egin genituen; nola helmugara iritsi baino 50 metro lehenago, atletismoko pistan hankako bola igo eta gelditzera egin nuenean guztien artean airean eraman ninduten; eta nola helmugan sartu eta malkotan lehertu nintzenean andaluz batek "¿Que te pazaaaaaaa?" esan eta sendo besarkatu ninduen.
Eta oraintxe etorriko dira bi urte maratoi hartatik bueltan, Inauteri bete-betean, kirol kronika bateko protagonista sentitu nintzenetik. Lasterketa amaitu, furgonetan sartu eta etxeruntz etorri ginen zuzenean. Elegante egunean goizaldean iritsi ginen, astelehenean lanera joan, eta arratsaldean siesta egin ostean, kalera atera nintzen, mozorrotuta. Agujetak beldurtzekoak nituen, eta nekea ere bai, baina ospatzeko asko nuela pentsatuta, parrandara atera nintzen. Eta taberna batera sartu bezain pronto hasi zen kontakizuna egiten anonimo bat, belarri ondora: "Estitxu Elduaien Uranga: 4 h 51” 31. Oinez ere hortxe-hortxe egingo nikin". Hasieran ez nuen harrapatu, baina gero konturatu nintzen nire lasterketa denboragatik ari zela. Kirol espezialista onenaren pareko aholkuak eta iradokizunak jaso nituen gero, nire frakasoa gainditzeko animo eta guzti. Alegia, pertsona horrek nik maratoia egin nuela jakin zuela, zenbat denboran egin nuen inbestigatu zuela (neuk ere ez nekien oraindik!) eta bere juzkua atera zuela. Broma omen zela esan zidan gero, eta zorionak eman.
Izan ere, derrigorrean bromazaleak izatera behartuta gaude lasterketen atzealdean ibiltzen garenok. Lehengo astean bertan, beste anonimo batek hala esan zidan: konturatuta zegoela astean pare bat aldiz joaten ginela korrika, autotik begira egoten zela eta mejoratzen ari garela akordatuta dagoela; lehen 16 minutuan egiten ei genuen kilometroa eta orain 9 eta erdira jaistea lortu omen dugu. Eta bera, guk Azkoititik buelta egiten dugun denbora bera erabilita, Donostiatik Azpeitira oinez etortzeko gai dela.
Inguruko lasterketa gehienetan hartzen dugu parte; lasai egiten dugu korrika, saiatzen gara ez sufritzen, eta kirolaren aitzakian bazkari, afari edo parrandaz disfrutatzeko aprobetxatzen dugu. Bizitza bestela ere nahikoa gogorra bai baita kirolean ere sufritzeko. Hori da filosofia. Ez gara profesionalak, eta ez dugu horren inguruan frustraziorik ere. Baina, ez dakit zergatik, batzuk azalpen eske etortzen zaizkigu aldean behin: denbora eske, azkarrago zergatik ez dugun egiten galdezka, eta ez al garen lotsatzen aurpegiratzen ausartzen denik ere bada. Eta gero harritu egiten gara umeen kirolean lehiakortasun handiegia dagoelako. Lagun baten alabak ez du igeriketako probetan parte hartu nahi, "aurrena egiten ez badu oso gaizki pasatzen duelako". Normala.
Ba zer esango dizuet ba: mundu oso bat biltzen da lasterketen atzealdean, lasterkari herrikoion artean. Halako elkartasun, gizatasun, enpatia edo laguntasun berezi bat, elkarren izenik ere jakin gabe betiko gertuko gisa portarazten gaituena. Eta kirola egin egiten dugu, aurrean ibiltzen direnek bezainbeste, eta kalean guri begira jardunean kieto gelditzen diren horien aldean asko. Ez dut sekula podiumik ezagutu, eta honezkero ez dut ezagutuko, baina kirolaz gozatzen badakidalakoan nago.
Eta bestelako fustrazioak baldin baditut ere, kirolak ez dit etsipenik ekartzen.
Lasterketa herrikoi ugari iragartzen dituzte kartelek udaberrirako. Eta bakarren batzuetan parte hartzeko asmoa daukat. Ez naiz erronka zalea, baina desafio egiten diet begira eta jardunean egongo diren horiei guztiei: ea helmugara zenbat iristen garen