Erreakzioak: Lapatx 2015ean itxiko dutela iragarri du aldundiak. Zer iruditzen zaizu?

Uztarria.eus 2014ko ots. 20a, 10:47

Urola Kostako Hitza-k Eneko Etxeberria alkatearen, Leire Etxaniz Urola Erdiko Udal Elkarteko lehendakariaren eta Aitor Aranguren Hamaikabateko zinegotziaren erreakzioak jaso ditu.

Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea, Bildu): "Azpeitiko Udalak berri oso positibotzat jo du Urteta zabortegia ixteko proposamena. Behin eta berriz esan dugu guk ez dugula nahi inork gu sufritzen ari garena sufritzerik. Aldundiak eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak proposamena eta egutegia finkatzea bera ere oso garrantzitsua da, baina zuhurtziaz jokatu behar da, inork oztopatzeko tentazioa izan dezakeelako. Espero dugu gaia ika-mika politikotik kanpo geratzea. Proposamenak erakusten du errauste plantarik gabeko alternatiba badagoela, eta gakoa denok birziklatzea dela. Ez genuke ulertuko inork honen kontra egiterik, herritarren interesak eta kasu honetan zarauztarrenak defendatzen dituelako. Hori babesteko eskatzen diegu alderdiei, Azpeitian onartutako mozioak dioen bezala, zabortegiak itxi egin behar direlako. Espero dugu aldundiak eta GHK-k Azpeitiko zabortegia ixteko ere antzeko proposamen tekniko bat lantzea".

Leire Etxaniz (Urola Erdiko Udal Elkarteko lehendakaria): "Lapatx zabortegia ixtea jasotzen duen proiektua oso positiboa da. Gainera, proiektua Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko proposamena da. Horrek, birziklapenaren aldeko ahalegina eskatzen du eta Europak markatzen duenaren bidean doa. Zabortegiak itxi nahi baditugu, hor dago proposamena mahai gainean. Proposamenean dago jasota horretarako modua. Zabortegiak benetan itxi nahi baditugu, beste alderdiei oztoporik ez jartzeko eskatuko nieke. Lapatxi dagokionez, gogorarazi behar dugu 2009an Lapatx handitzeko erabakia hartu zuela orduan agintean zegoen EAJk".

Aitor Aranguren (Azpeitiko Hamaikabateko zinegotzia): "Hondakinen gaian zabortegiak ixteak izan behar du helburua, bestela ez gara ari ondo. Europako zuzentarauak ere esaten du zabortegiak azken aukera izan beharko duela, baina hemen gehiena zabortegietara bidaltzen ari gara gaur egun. Beraz, horrek bukatu egin beharko lukeela uste dut. Arazoa da zabortegiak itxi ahal izateko azpiegitura batzuk martxan jarri behar direla; hor dago korapiloa. Plan bat aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina hondakinen beste plan bat, arau foral bat, dago indarrean momentu honetan. Beraz, zaila ikusten da zabortegiak ixtea egoera honetan".

Aitor Gorrotxategik, Azpeitiko EAJren izenean, prentsa oharra helarazi zuen atzo Uztarriara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide