Jose Mari Orbegozo: "Gaizki ohituta gaude"

Uztarria.eus 2014ko mar. 6a, 19:56

Orbegozo Europako Txapelketatik ekarri dituen bi sariekin, atzean ikasleak dantzan dituela.

Amaia Gonzalez dantza bikotearekin batera, salsan eta pasodoblean Europako txapeldunorde izan da azpeitiarra XXV. Europako Dantza Txapelketan. Hamazazpi urte daramatza Orbegozok areto dantzen sariketa horretan parte hartzen eta, azken biekin, guztira hamalau sari lortu ditu.

Gustura itzuli da Jose Mari Orbegozo (Azpeitia, 1964), beste behin, Torremolinos aldetik. Andaluziako herri horretan egin da aurten ere areto dantzetako Europako Dantza Txapelketa, otsailaren 24tik martxoaren 1era. Eta, urtero bezala, sariak eskutan dituztela bueltatu dira handik azpeitiarra eta bere dantza bikotea, Amaia Gonzalez lasartearra. Aurten bi izan dira sariak, eta biak txapeldunordetzak, salsa eta pasodoble modalitateetan. Horiez gain, tangoan, cha-cha-chan eta konbinatuan laugarren sailkatu dira Orbegozo eta Gonzalez, 30 eta 50 urte arteko bikoteen lehiaketan. Sailkatze saioak gaindituta, hamasei bikote izaten dira finaleko lehietan.

Gonzalezek 37 dituenez, datozen urteetan ere adin-tarte horretan lehiatuko da bikotea, bikotekide gazteenaren adina hartzen baitute kontuan. "Bikote gazteagoak talde horretan sartu ahala -dio Orbegozok- lehia gero eta estuagoa da, maila gero eta hobea". Salsan zein pasodoblean txapela lortu duen bikote kantabriarra da horren adibidea, 30-50eko tarte horretara aurten iritsitako bikotea baita. Eta, gauzak nola diren, iazko Kantabriako Txapelketa Orbegozok eta Gonzalezek irabazi zuten, orain Europako txapeldun gelditu direnen aurretik. Goiari eusten diote azpeitiarrak eta lasartearrak. Jose Mari Orbegozok hamazazpi urte daramatza Europako Txapelketan lehiatzen eta, azken biekin, guztira hamalau sari irabazi ditu: bost lehen sari, beste bost bigarren, eta lau hirugarren. "Hor goian egotea oso zaila da. Gaizki ohituta gaude", dio, baina 'ohitura txar' horri eutsi nahi diote datozen urteetan ere. "Jende gaztea indartsu dator, geure ikasleak ere badatoz aurrera. Ni neu, orain arte egindakoarekin eta lortutakoarekin konforme nago. Baina bikotekide gaztea dudanez, segitu egin beharko diogu".

Torremolinoseko hitzordua da urteko garrantzitsuena Orbegozo-Gonzalez bikotearentzat, Europako Txapelketa horri begira aritzen dira lanean "urte osoan. Urtean zehar emanaldi asko egiten ditugu. Horien artetik gehien gustatu zaizkigun koreografiak aukeratzen ditugu, txapelketarako oinarri bezala. Txapelketan, ordea, ez dugu aurrez jakiten zer musika jarriko diguten; dantza mota bai, baina zer pieza ez. Orduan, aukeratuta ditugun koreografiak momentuan egokitu behar izaten ditugu piezara", azaldu du Orbegozok. Orain artekoetan, egindako lanak eta ahaleginak fruitu onak eman izan dizkio, baina txapelketan parte hartzeak "urduritasun eta tentsio asko" sortzen diola aitortzen du.

Ehundaka ikasleren "irakasle zorrotza"

Txapelketak, emanaldiak, telebistarako grabazioak -maiatzean egitekoak dira, Sanagustinen-... eta dantza eskolak. Azpeitiko kiroldegian ostegun arratsaldeetan ematen duen klasearen erdian hartu du Uztarria Jose Mari Orbegozok; zapatu arratsaldeetan igerilekuan izaten du ikasleekin hitzordua, eta astearteetan Baigeran. Gaur egun Azpeitian, Beasainen eta Zumarragan ematen ditu eskolak eta, kopuru zehatzik ematen ez badaki ere, 300 eta 400 ikasle artean mugitzen da, "5 urtekoetatik hasi eta jubilatutakoak arte".

"Irakasle zorrotza naizela diote, eta hala da", nabarmendu du. "Ikasle batek dantzarako balio duela ikusten badut, eta baditut ikasle oso onak, are zorrotzagoa naiz. Eta erakustaldietan jendea tajuz aritzea gustatzen zait, ez halamoduz. Erakustaldietan, txapelketetan edo telebistan nire izenarekin agertu behar badira, ondo prestatuta atera behar dute, bestela ez".

Azpeitian dituen ikasleen artean badira batzuk txapelketetan-eta dabiltzanak. "Pixkanaka hasi dira, bai. Dantzan oso onak diren neskak dira, eta horrek asko betetzen nau". Orbegozo "ikasleekin gustura" dago, eta berriak hartzeko prest ere bai. "Animatzen direnak apuntatzeko garaiz dabiltza, igerilekuan edo kiroldegian", bota du agurrerako gonbidapena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide