Roxita Lasa zenaren erakusketa jarri dugu kulturgunean

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2014ko mar. 10a, 16:54

Lasak erakusketa jartzeko ilusioa zuen eta bere familiak bete dio nahi hori. 1998an hasi zen margotzen DiArt akademian eta ordutik "ehundaka" koadro egin zituen. Haietako batzuk, familiak gorde izan dituenak, daude erakusgai kulturgunean, besteak beste, egindako azkena 'Haizearen orrazia'.

Roxita Lasa (1938-2013, Azpeitia) inauteriengatik ezagutzen zuten askok, izan ere "urtero mozorrotzen zen, eta urte askotan sariak irabazi gainera". 1998an, argazkilariz mozorrotzea pentsatuta, Diego Cruz Diart Akademiako irakaslearengana joan zen dekoratu bat behar zuela eta itsasontzi bat margotzeko eskatzera. Hor sortu zen margoen eta Lasaren arteko lotura estua. "Une horretatik aurrera margotzen hastea erabaki zuen", dio familiak.

Astean bitan joaten zen akademiara bi orduko saioak egitera. Ordutik koadro asko egin zituen, gai anitzetakoak: bodegak, paiasaika, aurpegiak... "denetarik margotzea gustatzen zitzaion". Familiak haietako batzuk gordetzen ditu heuren artean banatuta, baina beste asko "hainbat lekutan ere aurki daitezke: Azpeitiko anbulategiko traumatologiaren kontsultan, Zumarragako ospitaleko pasiloan, kontsultetan eta kapilan ere bai. Hainbat mediku eta erizainek ere badituzte eta seguruenik azpeitiar dezenteren etxeetan ere egongo dira".

Erakusketa jartzeko gogoa

Roxita Lasak bazuen noizbait erakusketa jartzeko nahia, baina bizi zen artean ez zuen aukerarik izan. Familiak erantzun nahi izan dio ilusio horri eta 11 margolanetako erakusketa jarri du Sanagustin kulturgunean. Herriko eraikinak, baserri girokoak eta gai librekoak dira bertan bildu dituztenak. Hauetxek koadroak:

1.- Roxita. Bere buruari egindako margolana, gazte zenekoa eta heldu zenekoa.
2.- Gorputza. Inauterietan margolariz mozorrotu zenean kalean margotutakoa.
3.- Haizearen orrazia. Egindako azken lana.
4.- Abstraktua. Abstrakzioan proba egin nahi zuela-eta egindako lana.
5.- Etxea. Roxita Lasa jaio eta bizi izan zen etxea. 
6.- Urolako Trena. Bere aita makinista zena eta guzti.
7.- Milagrosako kapila.
8.- Albergatzea. Alberge atzeko partea lehen nolakoa zen erakusten duen margolana.
9.- Baserria. Gai librekoa.
10.- Zelaikoa nekazalturismoa. Nekazalturismoari eginiko margolana.
11.- Baserria II. Gai librekoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide