"I love my live because my live are you". Negar egiteko gogoa sentitu banuen ere, barrea atera zitzaidan. Paperak txukuntzen ari nintzela ikastolako agenda zahar batean irakurri nituen hitzok, nire letrarik politenarekin idatziak.
Agenda bereko lagunen iruzkinek kontu berdinak zituzten ahotan, bikote idealizatua berdin zoriontasuna, bigarren DBHn barneraturiko ekuazio perfektua. Umetako kontuak direla esanez justifika nezakeen nire burua, baina ez dut egingo. Ingurura begiratuta ez dudalako gauzak gehiegi aldatu direnik sentitzen.
Laranja erdiak omen gara, beteak sentitzeko printze urdina edo printzesa arroxa alboan behar dugunak. Alboan egotearekin nahikoa ez eta, maitasuna benetakoa izatekotan edozeren aurretik egongo da bikotekidea, zure bizitzaren ardatz nagusi eta ia bakar bihurtuz. Bizitza proiektu denak elkartrukatuz, maitasunaren berotasuna apaltzean hipotekek, ezkontzak edo seme alabek lotuko gaituztelarik.
Hetero arauaz ari naiz, maitasun erromantikoaz, bizitza bizitzeko eta harremanak eraikitzeko eredu hegemonikoaz. Maitasuna sufrimendua dela sinetsi dugu, besteagatik dena ematea, urteurren eta sanbalentinak ospatu edo kontsumitzea, uneoro bestea zertan eta norekin dagoen kontrolatzea, maitasunaren izenean edozer justifikatuz.
Ez naiz guztiz eszeptikoa, oraindik sinisten dut maitasunaren magian, maitatzeko eta maitatuak sentitzeko beharrean. Baina bada garaia maitasuna birdefinitzeko, maitatzeko modu berriak eraikitzeko, nor eta nola maite nahi dugun benetan erabakitzeko.
Ez nuen agenda zaharra bota nahi izan, hurrengo garbiketarako frogak ezabatzeak ez baitu nire iragana aldatuko. Baina aurtengo agendan letra larriz idatzi nuen "maite naiz, maite zaitut, maite zaituztet!".
Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.