Erantzuleen erantzun bila

Berria.info, Uztarria.com 2014ko mar. 21a, 11:09

Epaitegiek gertaerak berreraikitzea ukatu ostean, Jose Bonori eta Joaquin Leguinari deklarazioa hartzeko eskatu dute akusazioek. 30 urte dira bihar KAAetako lau kide hil zituztela, eta auzia irekita dago oraindik

Senideen inguruko iturriek Berria-ri baieztatu diotenez, Jose Bono Espainiako Senatuko presidente ohiari eta Joaquin Leguina diputatu ohiari deklarazioa hartzeko eta garai hartan Madrilgo Informazio Brigada Zentralean eta Donostiakoan zeuden poliziak identifikatzeko eskatu diote akusazioek epaileari.

Gaztela-Mantxako presidente zen Bono garai hartan, PSOEko buruzagi nagusietakoa. Hala idatzi zuen duela bi urte argitaratutako memorietan: "...Kontatu dit (Leguinak, Madrilgo komunitateko orduko presidenteak) Enrique Casas senatari sozialista hil zutenean bilera bat egon zela EAJrekin eta PSOEko geureekin, Damborenea (PSOE-PSEko Bizkaiko idazkari nagusia) buru zutela, eta esan zietela ulertu behar zutela erreakzionatzea, eta gau batez, hiltzaileak zodiak batean Bidasoa zeharkatzen ari zirenean (Pasaiako badiarekin nahasten du, ziur aski), merezitakoa aurkitu zuten".

Beste hainbat arrazoiren artean, Donostiako epaitegiak delitu frogarik ez dagoela argudiatu izan du kasua behin-behinean ixteko edo akusazioek egindako eskaerak atzera botatzeko. Izan ere, hilketak Espainiako Poliziaren legezko operatibo baten barruan gertatu ziren, eta ikerketak aurrera egin arren, bertsio ofiziala gailentzen da kontrakorik frogatu ezean. Bonok liburuan dioena egia balitz, ordea, aurretiazko asmo bat zegoela erakuts dezake horrek: helburua ez zela mugatzen KAAko kideak atxilotzera. Leguinak baieztatu beharko luke egia dela Bonori esan ziona, eta hala bada, nondik atera zuen informazio hura. Oraingoz, zeharkako testigantza baino ez da.

Duela 30 urte Pasaiako badian jazotako sarraskia argitzeko eskatuz, Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isar Pelitxo azpeitiar hildakoen lagunek eta senideek ekitaldia antolatu dute biharko, zapatua. 19:30ean izango da, Frontoi Txikian. 

Bestalde, gaur, ostirala, izango da Pasaiako sarraskiaren urteurrenaren baitan zabaldu duten erakusketa bisitatzeko azken eguna. 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik. Erakusketa horretan, besteak beste, Bonoren memorien liburuaren azala eta Pasaian gertatutakoaz hitz egiten duen pasartea jasotzen dituzten panelak daude ikusgai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide