Urola Erdiko industria mapa osatzen hasi da Iraurgi Berritzen

Urola Kostako Hitza 2014ko mar. 24a, 10:39

Agirre, Portilla, Etxeberria, Lopez eta Beobide.

Urola Erdiko udalek eta Iraurgi Berritzen garapen agentzia bailarako industria mapa osatzen hasi dira, enpresen jarduerari eta gaitasunen inguruko informazioa bildu eta elkarlanerako nahiz aukera industrial berriak detektatzeko asmoz.

Urola Erdiko udalek eta Iraurgi Berritzen garapen agentzia bailarako industria mapa osatzen hasi dira, enpresen jarduerari eta gaitasunen inguruko informazioa bildu eta elkarlanerako nahiz aukera industrial berriak detektatzeko asmoz. Gaur aurkeztu dute plana eta bertan izan dira Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, Iraurgi Lantzeneko zuzendari Jesus Agirre, Loiola Berrikuntza Fundazioko zuzendari Begoña Beobide, Azkoitiko zinegotzi Ainhoa Lopez eta Azpeitiko zinegotzi Iñaki Portilla.

Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Aizarnazabal, Errezil eta Beizamako 327 enpresetan galdeketa bat egiten ari dira azken asteotan, eta hain zuzen ere, sustatzaileek dei egin nahi diete enpresa horiei helarazi zaien galdeketari erantzun positiboa emateko.

Iraurgi Lantzeneko zuzendari Jesus Agirrek adierazi duenez, "ahalik eta informazio zabalena eskuratzea" da helburua, "ez bakarrik jarduera eta produktuei buruz, baita gaitasunei, proiektu eta erronkei buruzkoa ere. Horrekin ikusiko dugu zein harreman posible egon daitezkeen eskualdeko enpresen artean, eta noski, bailaraz kanpokoekin ere". Izan ere, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak nabarmendu duenez, "enpresen izenaz eta kokapenaz haratagoko ezagutza bat behar da eskualdeko berrikuntza aukerak lantzeko edota nazioarteko merkatuak irabazteko".

"Proiektu honen abiapuntua egungo egoera ekonomikoa da", azaldu du Agirrek, "eskualdeko industria nagusian jo du gogorren krisiak: eraikuntza, altzarigintza eta altzairugintzan eta horrek langabezia ekarri du ondorio sozial bezala". Urola Erdiko bataz-besteko langabezia tasa %14 pasakoa da. Gaineratu du "hobetzeko joera nabari" dela eta "hobetzen badoa krisian agoantatu duten enpresei eta egiturei esker" izan dela. Asko ordea, itxi egin dira eta sektore batzuk ia desagertu egin dira. "Hori ikusirik ezin dugu geldirik egon eta jarrera pro-aktiboa hartu eta baliabideak jarri behar ditugu erakunde eta garapen agentzietatik. Horregatik, momentu honetan, Udalak lidergoa harturik, erakundeen artean ari gara lanean".

Galdeketa enpresa guztiei

Loiola Berrikuntzako zuzendari Begoña Beobidek azaldu duenez, 2014ko urtarrilean hasi ziren enpresei egingo zitzaien galdeketa prestatzen. IMH Elgoibarko Makina Erramintaren institutuarekin eta Saiolanekin batera diseinatu dute galdeketa hori, "horien laguntza izan dugu, batez ere, nahi dugulako enpresen gaitasun teknologiko eta industrialen berri izatea, baina baita giza-baliabide aldetik dituzten gaitasunak ere". Momentuz, 327 enpresen %20k erantzun dute galdeketa. "Horregatik eskatzen diegu enpresei datozen asteetan ahalegin berezia egin dezaten galdeketa horiek betetzeko, apirila amaierarako argazki osoa izan dezagun".

Enpresetatik jasotzen duten informazioa guztia isilpean landuko du Iraurgi Berritzenek, informazioak ez dira publiko egingo: "guk kudeatuko dugu gero informazio hori eta elkarlana posible ikusten dugun kasuetan, enpresekin hitz egingo dugu; ondoren, beraiek erabakiko duten elkarlan hori nahi duten ala ez", azaldu du Beobidek.

Gaur egun lehen zegoen lehiakortasun ikuspegia alde batera uzteko beharra nabarmendu du Agirrek: "aukera bezala ikusi behar dute tresna hau enpresek. Erronkak merkatu berrietara eta elkarlanera bideratuta doaz enpresen munduan eta tresna honek horretarako balioko die enpresei".

Industria maparen aukerak

Honakoak izan daitezke industria mapa baliagarri izan daitezkeen kasu batzuk:

  • Udalerri hauetako enpresa baten merkatuaren berri izanez gero, atzerrian duen merkatu batena esaterako, bailarako beste enpresa batzuek ere aukera izango lukete ziurrenik euren produktuak eskaini eta proiektuak han saltzeko.
  • Burdinaren sektoreko enpresa batek egurraren sektorerako aukerak ikus ditzake bere merkatuan, eta informazio hori baliagarria izango zaie bailarako egurraren sektoreko enpresei.
  • Enpresa batek zenbait piezaren ekoizpena kanpoko enpresa bati azpikontrata dakioke. Baina pieza hori hemen egiteko modua balego, bertakoa azpikontrata lezake.

"Analisi hori egin ahal izateko, beharrezkoa da mapa hau" adierazi du Azpeitiko alkateak, "modu horretan eskualdeko ehun industriala nolakoa den ezagutuko dugu, batez ere teknologia eta gaitasun aldetik. Gainera, baliagarria izango da laguntza teknologikoak bideratzeko, elkarlanak martxan jartzeko, dibertsifikazio prozesuak martxan jartzeko eta enpresa berriak abiarazteko".

Beobidek nabarmendu duenez, galdeketa zenbat eta zabalagoa, eta informazioa zenbat eta gehiago izan "orduan eta gehiago lagunduko dute enpresek garapen agentziaren eta erakundeen lana, ezarritako helburuak lortzeko prozesuan".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide