Un redondo

Erabiltzailearen aurpegia Noticias de Gipuzkoa 2014ko api. 7a, 11:50

Xabier Euzkitzek atzo, igandea, Noticias de Gipuzkoa egunkarian kaleratutako artikulua da hurrengoa.

Orain 40 bat urteko Izarraizpe basa hartan, kutsatu gabeko indigenaz inguraturik, euskara huts-hutsean pasatu genuen haurtzaroa. Azkoitia, Azpeitia, Zestoa...inguru zabal samarreko neska eta mutilak Loiolako ikastolan hezi gintuzten. Saiatu ziren behintzat. Klaseak euskaraz, jolasorduak ere bai. Autobusak etengabe iristen ziren, frantsesez beteta. "Frantses denak mozkorrak dituk" pentsatzen genuen, likorea besterik ez baitzuten erosten. Merkeago egon, nonbait. Mutiko lotsagabeok, Ivre esan, mozkorrak, eta ihes egiten genuen. Halako batean, frantses usteko haietako asko euskaldunak zirela konturatu ginen. Beste euskalki bat, ahoskera desberdina... deskubrimendu zirraragarria  guretzat. 

Orduko laugarren mailan hasi zitzaizkigun gaztelaniaz zerbait ematen, 9-10 urte genituela. Moja eskola batetik etorritako andereño bat, ikastolara zeharka heldua, hasi zitzaigun erdaraz. Arbelean biribil bat marraztu zuen, kurioso-kurioso. "¿Qué es esto?" galdetu zigun, eta guk ezin esan hark entzun nahi zuena. Hamar minutu baino lehen, eskaldalizaturik, zuzendariarengana joan zen. "Ume horiek hitzik ez dakite erdaraz! Círculo esan beharrean utzoa edo horrelako zerbait erantzuten didate". Multzoa zen. Unitateak multzoetan biltzen genituenean biribildu egiten genituen, horregatik erantzuten genion multzoa. Circo zer zen bagenekien, culo ere bai, baina círculo egun hartan entzun genuen lehen aldiz.

Gure Anerrek egoki egiten du gaztelaniaz, baina bi txikienei begiratzen diet eta geure haurtzaroa ikusten dut islaturik.  Garazirekin egin dut aproba. Biribil bat marraztu eta "¿qué es esto?" galdetu diot. "Un biribil" erantzun dit. Erdaraz esateko eskatu diot eta "un redondo" bota du. Gure kolonbiar indigena txikiak orain 40 urteko Izarraizpeko indigena dirudi. Batzuk, moja eskolatik etorritako andereñoaren moduan, eskandalizatu egingo dira. Ni ez. Badakit gaztelania ederki menperatzera iritsiko direla hirurak. Zenbat eta hobeto, hainbat eta hobe. Baina garrantzitsuagoa iruditzen zait XXI. mendean, Zarautzen, hainbat jatorritako ikaskideak dituzten haur hauek, telebistan dozenaka erdal saio eskura izanik, euskaraz bizi direla egiaztatzea. "Un redondo" erantzun dit Garazik. Ez didazue ukatuko, erantzun biribila da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide