Zertarako sortu zen eta zer lan egiten du EIEk?
EIE sortu zen 1983 inguruan, oker ez banago. Garai hartan apenas egiten zen argitaratze kontraturik, eta mundu horretan ordena piska bat jartzea zen bere asmoa. Hau da: idazleen eskubideak finkatzea eta babestea. Ordutik aurrera kontratu tipo bat finkatu zen, eta gaur egun argitaletxeak behartuta daude kontratua sinatzera, eta salmentei buruzko informazioa idazleari ematera, eta, noski, egokitzen zaion porzentaiaren dirua ordaintzera. Alegia: kontratua eta txekea. Nahiz eta badauden argitaletxeak eskubiderik ordaintzen ez dutenak. Hortaz aparte, beste fronte asko dauzka idazleak: hitzaldiak, gidoilari lanak hedabide publiko edo produktora pribatuekin, eta hor ere tarifa batzuk finkatzen saiatu gara. Idazlea nola bakarrik dagoen bere etxean, saiatu gara babes kolektibo bat eskaintzen. Abokatu zerbitzua ere eskaintzen zaie EIEn.
Zer berri ekarriko du zuzendaritza aldaketak?
Zuzendaritza berriak aire berriak ekarriko ditu, talde gaztea gara, agian neu izanen naiz zaharrena, 50 urterekin, beste guztiak hortik behera. Aire berriak esan nahi du zabalik gaudela idazle gazteen kezkak entzuteko eta haiei erantzunak emateko, edo formato berrien aurrean hausnarketa egiteko, idazle-kazetariak, internet bidezko lanak, euskarri digitalak ea. EIEk zerbitzuak eskaintzen ditu, baina interakzioa ere eduki nahi dugu gizartearekin, idaztea beste modu batez ikusten dutenekin, permeableak gara, idatzi nahi duenaren ilusioari bideak ireki, eta idazle profesionalaren bidean barneratu nahi duenari babesa eman. Elkarte bat gara, oinarrian gure eskubideen defentsa daukana. Zuzendaritzako inork, ezta lehendakariak ere, ez dugu xentimo bat kobratzen, eta horrek kentzen digu poltronari eusteko tentazioa eta lana gure iraupen pertsonala bideratzeko tentazioa. Besteenagan irekiak gaude, laguntzeko, aholkatzeko, gure esperientzia haien zerbitzura jartzeko.
Zein izango da zehazki zure egitekoa?
Zuzendaritza Batzordean sei kide gaude, gu lehendakariaren ahokulariak gara, baina botere exekutiboa daukagu, bozketa bidez aukeratzen dugu, adibidez, Frankfurteko azokara joan edo ez. Arazoa planteatzen da, dauden irtenbideak ikusten dira, aldeko edo kontrako baldintzak, eta bozketa egiten dugu, beti ere elkartea gogoan, bazkideak gogoan. Ikusgarritasun ezaz mintzatu izan zara zu askotan, eta halaxe mintzatu da Ander Iturriotz, orain arte EIEko zuzendari izandakoa, karguari agur esatekoan. Zertaz ari zarete ikusgarritasunaz ari zarenean?
Ikusgarritasunaren gaia euskal kulturan dabil, orokorrean, alor guztietan. Kultura hegemonikoa espainola da, frantsesa Iparraldean, hedabideetan ere kultura hegemonikoa agertzen da batipat.
Euskarazko egunkari bakarra dugu, telebista publiko bat eta herrietako hainbat, irrati apur bazuk, baina erdarak irentsita bizi gara, zientoka dituzte egunkari, telebista irrati eta aldizkarien artean. Azpiratutako herri batean kultura ere azpiratua dago. Gure erreibindikazioa da euskal kultura guztiak lehen planoan jartzea, hegemoniaren bila, gunearen bila. Horretarako hiru bide daude: kontzientzia hedatzen jarraitzea jendearen artean, politikoak horretara behartzea eta botere propio bat lortzen joatea, pausoz pauso, atzera egin gabe.
Euskarazko literatura ezagutzen al dute euskaldunek?
Oso gutxi, baina espainola ere ez dute ezagutzen. Merkatuak nahi duena ezagutzen du jendeak: kirolariak, sukaldariak eta best-sellerrak. Dirua ematen duena miresten du jendeak, balore higiezinak ez dira merituzkoak haientzat. Hezkuntzan lan ona ari dira egiten gure alde, baina ez da nahikoa.
Literaturak ez al du pisua galdu azkenaldian?
Bai, eta literatoek ere bai. Dena den, lehen ere nahiko bazterrekoa zen literatura mundu guztian, eta Euskal Herrian zer esanik ez. Aldatu dena hau da: literatura lehen, agian, hartzen zen herri baten nortasunaren zutabe gisan, eta gaur denbora pasa hutsaren lekura baztertua dute. Ikuskizunaren kulturan bizi gara, eszenario erraldoi bat bihurtu da kultura, eta liburua ez da oso erakargaria formato horretan, idazle-showman bat ez bazara behintzat.
Nola eragin dezake horretan EIEk?
EIEk lana serio egin behar du, sakon eta sendo, alegia, geuk eman behar diogu lehendabizi seriotasuna gure alorrari, jendeak ikus dezan benetan garrantzitsua dela literatura, mamia baduela gure bizitza, herria eta kultura esplikatzeko eta aberasteko. Gaur miresten ditugun liburuak ere norbaitek idatzi zituen aspaldi, auskalo zein egoeratan. Gaur ere ari da jendea gauza miresgarriak egiten, eta haien baldintzak hobetzea da gure helburua. Orain esaten den gisan, gure lanari buruzko komunikazioa ezinbestekoa izango da, feed-back lortu beharko dugu gizartearekin, ea distirazko aro bat burutzen dugun gure lanaldi honetan. Literatura agergarri den eszenario guztietan han egongo da elkartea.