Nor da arduraduna?

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2014ko api. 11a, 13:33

Uste dut ez nabilela oker esaten badut, azken aldian, herritarrek inoiz baino joan-etorri gehiago egiten dituztela Lanbidetik, herriaren kanpoaldean dagoen zerbitzu horretatik. Hain urrun gelditzen diren bulego horietatik. Urrun diot, baina ez distantzia handia egin behar delako etxetik hara joateko, ezta eskailera asko igo behar direlako ere.

Oso urrun dago Lanbide, hango langileak, oro har, arrotzak direlako. Eta arrotzak dira, ez dutelako erabiltzen gure hizkuntza. Sarri, ez da atsegina hara joatea; eta, gainera, zurea ez den hizkuntza batean hitz egitera behartzen bazaituzte, dena da gogorragoa.

Niri gertatu zitzaidan: hara joan nintzen, eta sarreran zegoen guardiak txartela atera zidan, laguntzeko asmoz, gaztelaniaz. Esan nion nik euskaraz hartu nahi nuela txartela, eta haren erantzuna honakoa izan zen: "Ados, moldatu zeu, orduan". Hartu nuen txartela, euskaraz, eta segituan hartu ninduen langile batek. Hark ere ez zuen euskaraz hitz egiten, baina bazirudien zerbait ulertzen zuela. Halako batean, nire ziurtagiri bati begira jarri zen, euskara hutsean zegoen ziurtagiri bati begira, eta galdetu zidan: "Zer da hau?". Azkenean, etsita, gaztelaniaz azaldu behar izan nion "zer zen hori".

Azpeitiko Lanbide azpeitiarrei soilik eskainitako zerbitzua delakoan nago. Hemen, gure herrian, euskaraz bizi gara, eguneroko hizkuntza da euskara. Horregatik uste dut lotsagarria dela zerbitzu publikoa eskaintzen duen bulego batera sartu orduko, beste herrialde batera bidaiatzea; gure hizkuntzari uko egin, eta haien hizkuntzan hitz egin behar izatea. Hori dela eta dago horren urrun Lanbideko bulegoa. Baina, garrantzitsuena, nor da arduraduna?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide