Saturno

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2014ko api. 14a, 12:44

Maitemintzeak aldi baterako txolintasuna dakarren moduan, guraso izateak bigarren haurtzaroaz gozatzeko aukera bikoitza ematen dizu. Zeure txikiak ikusiz, mobiola atzera bota, eta zeure haurtzarako irudiak datozkizu zuri-beltzeko burutelebistara. Bigarren aukera, Doraemonen denbora-makinan atzera eginez, mukizu ginen garaian gozagarri genuenaz berriro ere gozatuz. Esate baterako, Joxelitoren magia berreskuratu Barela, Beristain eta Lasari esker.

Gaur egungo haurrek jolasteko oso denbora gutxi badute ere, duten apur horretan, zaharrak berri edo beti-betikoak berrituta. Moda-modako joastailua (agian zuk hau irakurtzerako beste zerbait egongo da modan) xibota da. Zuk eta nik erabiltzen genuen hura bera ez, baina hura berrituta bai. Orduan xibota zen, orain ere bai, baina orain interplanetarioa da, Neptuno, Venus, Jupiter... Badakizue, marketina, berri itxura emateko, mamia gorde, azala aldatu eta salneurria puztu. 100 eurokoak ere ba omen daude. Haurrentzat 20 euroko xibotak merkaturatzea kezkatzekoa iruditzen baldin bazait, horrelakoak erosten dituzten gurasoak delitutik gertu daude (arrazoi duzu, ni ez naiz inor zuk zer egin behar duzun esateko, ni neu naiz aurreneko bekataria).
 
Xibotaren sukarrak, poliki bada ere, aurrera goazela erakutsi dit. Nire buru handi hau oker ez badabil, gure haurtzaroan xibota mutilen kontua zen. Orain, neska eta mutil, denek dute euren planeta sorta. Xibota, beraz, generorik gabeko jostailu bihurtu da.
 
Ume jaio eta umetuta hil, hori omen da bizitzaren legea. Nire lagun Xakuk esango lukeen bezala, umeekin ume eta helduekin heldu.
 
Umetutako helduarekin, argi.
 
Apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide