Burujabetza energetikoaz batzordea gaur, partaidetzazko aurrekontuen baitan

Uztarria.eus 2014ko api. 28a, 12:05

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Partaidetzazko Aurrekontuak ekimenaren baitan, Urola Erdiko herritarrek iaz zazpi egitasmo aukeratu zituzten 500.000 euro inbertitzeko. Horietako bat da Burujabetza energetikorako plangintza eta ekintzak, eta gaur egingo dute batzarra, 18:00etan, Baigeran.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Partaidetzazko Aurrekontuak ekimenaren baitan, Urola Erdiko herritarrek iaz zazpi egitasmo aukeratu zituzten 500.000 euro inbertitzeko. Egitasmo horiek aurten gauzatuko dira eta horren jarraipena egiteko batzordeak osatu dira eta osatzen ari dira dagoeneko. Gaur, astelehena, 18:00etan, burujabetza energetikorako plangintza eta ekintzak lantzeko batzordea egingo da Azpeitian, Baigeran.

Burujabetza energetikorako plangintza eta ekintzak lantzeko 65.000 euroko inbertsioa egitea adostu zuten parte-hartze prozesuan, Urola Erdiko biztanleek.

Hemen parte-hartze prozesuan parte hartu zuten Urola Erdiko biztanleek lehenetsi zuten zazpi egitasmoko zerrenda:

  • Burujabetza energetikorako plangintza egitea: 65.000 euro.
  • Oroimen historikoa lantzea: 22.000 euro.
  • Haur eta gazteen parte-hartze programa osatzea: 45.000 euro.
  • Eskualdeko historia berreskuratzeko plangintza egitea: 30.000 euro.
  • Baserri-bideak konpontzea: 150.000 euro.
  • Mendietako bidezidorrak txukuntzea: 110.000 euro.
  • Lasao-Zestoako trenbidearen egokitzapen lanak egitea: 78.000 euro.

Aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri du Partaidetzazko Aurrekontuen ekimena, eta Urola Erdiak bigarren urtez hartu du parte. Beste 500.000 euro izango dute eskualderako onuragarriak diren egitasmoetan inbertitzeko. Urola Erdiaz gain, Tolosaldera, Bidasoaldera eta Oarsoaldera ere hedatu du ekimena Foru Aldundiak. Guztira, bi milioi euro jarriko ditu Aldundiak lau eskualde horietako herritarren esku.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide