Euskarazko irakurketa sustatzeko liburu bat idatzi du Fernando Morillok

Uztarria.eus 2014ko mai. 5a, 18:31

Irakurketa errazeko lau liburu kaleratu ditu Gaumin argitaletxeak. Horietako bi itzulpenak dira, eta beste biak euskaraz sortu dituzte. Fernando Morillok idatzi du argitalpen horietako bat.

Gaumin argitaletxeko kideek irakurketa errazeko lau liburu aurkeztu zituzten, joan den ostegunean, Bilbon. Fernando Morillo han izan zen, argitaletxearen ordezkaria eta liburu horietako baten idazlea. Proiektuaren helburua da liburuez gozatzen laguntzea euskaraz irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei.

Lau liburu aurkeztu zituen azpeitiarrak: bi katalanetik itzuli dituzte, baina beste biak euskaraz idatziak izan dira. Horietako bat, Santiago Bidearen misterioa, Morillok sortu du. Donejakue bidean ezagututako marinelaren istorioa jaso du azpeitiarrak lan horretan.

Idazlearen hitzetan, euskarak "arazo larria" dauka, irakurle kopuru xumea duelako. Horren harira, Morillok azaldu zuen oso gutxi direla euskaraz irakurtzen duten euskaldunak: "Irakurle euskaldun askorentzat zailagoa da euskaraz irakurtzea, gaztelaniaz irakurtzea baino". Haren arabera, badago euskaraz irakurtzeko jarrera, baina herritar askori "zaila" iruditzen zaie "eguneroko literatura". Beraz, "narratiba erraza ere beharrezkoa da helduentzat". Esparru horretan kokatzen dira argitaratutako lau lanak.

Hemen, Urola Kostako Hitzak Fernando Morillori eginiko elkarrizketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide