Euskara praktikatzeko saioak antolatu dituzte Sanjuandegin

Uztarria.eus 2014ko mai. 6a, 19:34

Baigera II elkartean aurkeztuko dute ekimena gaur, osteguna, 20:00etan. Aurretik, gaira hurbiltzeko, Hesiak gainditzen dokumentala jarriko dute, eta Jon Maia egileak ikusleen galderei erantzungo die.

"Euskara praktikatzea eta ondo pasatzea" helburu duten mintzapraktika saioak antolatu dituzte Elkar-ekin eta Xj Auzolanean taldeek. Aurkezpena gaur, osteguna, izango da, Baigera II Jubilatuen Elkartean, 20:00etan.

Mintzapraktikako saioak irekiak eta doakoak izango dira, eta euskaraz ongi moldatzen diren pertsonak nahastuko dira zailtasunak dituztenekin. Antolatzaileen hitzetan, aproposak dira inguruko euskaldunekin hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonentzat; baita dendarientzat, tabernarientzat edo adineko pertsonak zaintzen dituztenentzat ere.

Saio horiek Sanjuandegiko auzo elkarteko lokalean egingo dira, astean behin. Datak eta ordutegiak ez daude zehaztuta oraindik, izena ematen dutenen artean erabakiko baitira. Parte hartzeko, beharrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako aukera egongo da osteguneko aurkezpenaren ondoren; bestela, 645 471 700 zenbakira deitu dezakete interesa dutenek.

Elkar-ekin eta Xj Auzolanean taldeak bildu zirenean, argi ikusi zuten auzoan euskara bultzatzeko zerbait egin behar zutela. Ainara Larrañaga Xj Auzolanean taldeko kidearen hitzetan, beraien "lehen ardura" izan zen auzoko jendeari horrelako aukeraren bat eskaintzea: "Aspalditik auzoan bizi diren herritar askok ez dakite euskaraz edo, ulertzen duten arren, ez dira euskaraz hitz egiteko gai. Pertsona horiei lagundu nahi diegu".

Proiektu horren harira antolatu dituzte Hesiak Gainditzen dokumentalaren emanaldia eta haren egilearen, Jon Maiaren, hitzaldia. Euskara praktikatzeko saioen aurretik ikusi ahal izango da dokumentala, 19:00etan. Testuingurura murgiltzeko aukera izango da; izan ere, dokumentalak jasotzen ditu Galiziatik eta Espainiatik Euskal Herrira bizitzera etorritako pertsonen bizipenak, baita herritar horiek euskara ikasteko eginiko ahalegina ere. Maiak lan horretan kontatu ditu bere familiako kide batzuen esperientziak eta duela gutxi atzerritik etorritako pertsonenak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide