Lanaldi osoan ari dira lanean Sarrallen bost hilabetez LETarekin egon ondoren

Uztarria.eus 2014ko mai. 9a, 15:29

"Langileekin akordiorik lortu gabe", 103 lanordu gehitzea eta soldatak %10 jaistea erabaki du enpresak.

Abendutik Lana Erregulatzeko Txosten baten pean egon eta gero, lanaldi osoan ari dira lanean berriz ere Sarralle enpresan. Bitarte horretan, ordea, aldatu egin zaizkie lan baldintzak. 103 ordutan igo diete lanordu kopurua eta soldatak %10 jaitsi dizkiete. LABen arabera, enpresak Espainiako Lan Erreformako legediko 41. artikuluak baimentzen diona erabili du aldaketa horiek egiteko, artikulu horren arabera enpresak aldaketak egin baititzake langileekin akordio batera iritsi beharrik izan gabe. Hori gertatu dela diote; Sarralleko langileen gehiengoaren "konformismoa" medio aldatu dira baldintzak, baina langileek ez dute inongo akordiorik sinatu. LAB sindikatuak adierazitakoaren arabera, 2011 eta 2012 urteetan "irabazi sendoak" izandako enpresa da Sarralle. Baina, 2013an indarrean jarritako Lan Erreformaren ondorioz "ordura arte ondo zihoana, itxuraz, hilzorira pasa zen bat-batean". 
 
Ustezko gainbehera horretan, 2013 amaiera aldera proposamena egin zuen enpresak: tailerreko 47 langileei 123 orduko lanaldi igoera eta soldata %15 jaistea. Proposamen horrek ez zuen, ordea, langilegoaren babesik izan, eta sindikatuak behin eta berriz eskatu zien Sarralle parte den enpresa taldearen kontuak erakusteko, "benetako egoera zein den jakiteko". LABek azpimarratu du ez dutela, oraingoz, informazio hori jaso. 
 
LABek adierazitakoaren arabera, zuzendaritzak "ez zuen negoziaketa esparrurik ireki nahi" izan, eta proposamenaren bozketan ezezkoa jaso ostean, "arrazoi produktiboak argudiatuta, txostena etorri zen".
 
Apirilaren erdi aldean ere salatu zuen LABek Sarralleko langileen egoera.
 
"Lana beti egon da"
 
Langileek argi dute: "Lana egon, beti ego da, bestela nola ulertzen da lanik ez egotea eta lanorduak igo nahi izatea?", dio LAB sindikatuak. Sarralleko LABeko langile ordezkari Angel Mari Etxeberriak ere eman ditu azalpenak: "Gure lan bera egiten duen Palentziako lantegira bideratzen zuten lana, eta han 35 langile izatetik 80 izatera pasa ziren, hemen lanean beharrean etxean geunden bitartean. Argi dago zein izan den helburua; gure kostua jaistea", dio. Azken bi urteetan soldata izoztuta izan dutela oroitarazi du. 
 
Enpresaren adierazpenak jasotzen saiatu da Urola Kostako Hitza, baina, oraingoz ez dutela adierazpenik egingo esan dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide