Gure ahotan erraz erabiltzen dugun hitz horietako bat da demokrazia. Badirudi diktadura erori zenean demokrazia etorri zela eta egun demokrazian bizi garela.
Bozka emateko aukera izan orduko demokrazia etorri omen zitzaigun herritarroi. Demokrazia politikoaren zantzua duen ezaugarri honi demokrazia deitzen diogu. Baina serio hitz eginda, zer da demokrazia? bozka emateko aukera izatea? herriko plaza nola dekoratu nahi dugun erabaki ahal izatea? ile guztiak beldurraz tente jartzen dizkigun atez atekoa ez inposatzea? herri kulturaren izenean herriko tabernariei konpetentzia egingo dien taberna publiko bat irekitzea? zer da demokrazia?. Demokrazia politikoaren ezaugarri bat edo beste izateak ez du esan nahi demokrazia dagoenik. Demokraziak ez luke prozedura bat izan behar, emaitza edo ondorio bat baizik. Demokraziak, politikoa izateaz gain ekonomikoa, soziala, kulturala izan behar luke, antropologian hainbat aldiz aipatzen den demokrazia holistikoa, demokrazia osoa, justizia sozio-ekonomiko–politiko-kultural-ekologikoa.
Demokrazia inoiz existitu ez denaren errezeloa dut; seguru aski inoiz agintariek gehien aipatu duten kontzeptua eta sekula lortu ez dutena. Herri galdeketari demokrazia deitzea oso tentagarria egiten zait niri ere, baina hau eginda ez bagenuke lortuko herritarren beharrei erantzutea, nahiz eta prozedura demokratikoaren bidez izan, emaitza edo ondorio hau gazi- gozoa litzateke. Adibidez, herri galdeketa egingo bagenu ea etorkinei diru laguntzak eman behar al zaizkien eta gehiengo osoz emaitza ezekoa izango balitz, demokratikoa izango al litzateke?. Haratago joanda, demokratikoa al litzateke gaur egun denen ahotan dabilen erabikitzeko eskubideaz baliatuta independentzia bai ala ez bozkatzea? eta espainolak izatea irtengo balu? zilegia al litzateke mendeetako kolonizazioaren ondoren galdeketa egitea? Palestinan ere egunen batean agian galdeketa eginen dute; erdiak garbituko dituzte, beste laurdenak gogoaren kontra "bihurtu" egingo dira eta gainera kolonoz josiko ditu Israelgo gobernuak bazter guztiak. Eta orduan bai; orduan galdeketa egingo dute. Eta Mendebaldeko Saharan are eta gertuago ikusten dut egoera hori. Zilegia da? agian hobe norbaitek independentzia inposatuko balu; etorkinei zein bertakoei, behar dutenei laguntzak ematea inposatuko balu, eta gure hondakinak modu ekologiko batean kudeatzera behartuko bagintu. Modua autoritarioa izango litzateke baina emaitza guztiz zilegia eta demokratikoa. Semaforoa gorrian dagoenean gelditu egin behar dela eta berdean jarraitu egin behar dela, nik dakidala ez da inoiz erreferendun batera eraman. Gizartearen onagatik eta gizartearen beraren izenean inposaturiko neurri batzuek dira beste hainbat bezalaxe. Horrekin ez dut esan nahi gaizki iruditzen zaidala plaza berritzeko modua galdeketara ematea; baina agian hobe izango zen plaza berritzen 500.000 euro xahutu behar ditugun edo diru hori beste zerbaitetan erabili behar dugun galdetzea. Bai; galdetzea erabaki dute agintariek nola dekoratu behar dugun plaza, baina agian galdetu zezaketen plaza berritu nahi al dugun edo ez. Baina ez; hori, inposatu egin dute. Eta inposaketa horren nabardurak eramango dituzte galdeketara. Zer irizpide dago jakiteko zer eman daitekeen galdeketara eta zer ez? nor edo zer da izaki edo irizpide ahalguztiduna zilegia zer den eta zer ez den erabakiko duena?. Badirudi herritarrak badugula jakinduria plazaren dekorazioaz hitz egiteko orduan; baina beste aldetik zenbait arlotarako ezjakinak garela. Politikarien aldetik ere ihesbide bikaina izan liteke pentsatzea, "honekin arazoak izan ditzakegu eta orduan galdetu egingo dugu"; edota gai serioago batekin pentsatzea, "hau errez onartuko dute eta inposatu egingo dugu". Gainera grazia ere ematen dit 15 eta 20 miloi euro bitartean kostatzen ari zaigun Soreasuko munstroa inolako galdeketarik egin gabe gauzatzea eta orain miloi erdi batengatik demokrata bezala azaltzeak.
Eta horretaz gain geu ere joku batean erortzen gara eztabaidetan; norbait kexatzen bada agintarien lanaz, bueltan entzuten da "geuk bozkatu dugu eta orain zilegi dute nahi dutena egiteko; errua ez da eurena, errua geurea da haiei bozkatzeagatik". Hain du indar haundia bozkaren legitimazioak, zer geuk geure epaiaz legitimatzen ditugula injustiziak, akatsak eta gabeziak.
Guk bozkatzen dugu, eta guk nahi duguna egin beharko lukete. Haratago joanda, guk nahi dugunaren kontra ere jo zezaketen justizia soziala bermatzekotan.
Demokrazia esan bezala erraz dabil gure ahotan. Egoerarik idealizatuenean eta erromantikoenean, demokrazia (ondorio edo emaitza) prozedura demokratikoen bidez (herri galdeketa bidez) lortzea litzateke; zeinen ederra; demokrazia lortu demokraziaren bidez. Ene uste apalean hori ez da inoiz lortuko.
Demokrazia inposatu liteke? noski baietz, ezberdintasuna eta injustizia inposatu diren bezalaxe. Baina orduan autoritarismoa eta kutsu frankistak agertuko lirateke, inposaturiko egoera batean egongo ginateke. Baina nori axola lioke inposaketak, justizia soziala lortu ez gero? guk uste baino gehiagori, geuri alegia. Nola geuri? nor kexatuko litzateke denentzako hezkuntza, hizkuntza, osasuna, etxebizitza eta elikadura inposatuko balute? gehiegi dakien jakintsua? gaztelazkoak? osasunez ongi dabilena? gutxi jaten duena? enpresariren bat? materialismoan oinarrituriko herritarra? agintariak?
Ez da hauxe ekuazio makala askatzeko. Gehiago esanda inoiz askatu ez den ekuazioa da. Zein da bidea, galdeketa ala inposaketa? ala biak? zeintzuk dira galdeketara eraman beharreko gaiak eta zeintzu inposatu beharrekoak?. Eta ez du balio esateak herritarren adimenak honaino ematen du eta hemendik gora elitearen esku dago. Ausarta izan behar da bai erabakitzeko eta baita ere erabakitzen uzteko.
Baina gauza ez da hain erraza; une oro erabakitzen dena erabakitzen dela ere koiunturaren mende gaude, alderdi politikoen mende, hauek egituraren mende, beste hauek estrategiaren mende, hau helburuen mende eta helburuak kointuraren mende. Zirkulu hautsiezina honakoa, gaitza bezala zainetik sartua duguna. Joku politikoan aritzera behartuak eta koadrila batek inposaturiko zelai politikoan aritu beharra. Kasualitatea izango da Azpeitiko agintariak plazaren inguruan ados egotea; edo eta Gure esku dago ekimenaren inguruan eginiko agerpen historikoa gauzatu izana. Dena koiuntura, interesa eta estrategiaren esku dago, gure esku egon beharrean. Eta noski, batasun hau ikusteak asko pozten nau, baina ezin zuen izan orain 5 urte edo hemendik 5 urtera; orain behar zuen, kasualitatea.
Hautsi dezagun dinamika nekagarri hau, aspertua dago herria lepoko min ederrarekin alde batera eta bestera pilotari jarraika. Helburuak, interesak, estrategiak eta jokaldiak bakarra izan behar du; herriarena, herriarekin, herriarentzako. Interes bera eta bakarra eduki behar lukete gure agintari guztiek; justizia soziala edota nahiago badugu demokrazia osoa. Kontrola ezina den bakarra koiuntura da, egoera…. mundu honetan ez bait gara gu bakarrik bizi.
Beraz, azken asteetako bi elkartze historiko hauek errepika daitezela, galdetu behar dena ere galde dezatela; eta beste aldetik ausardiz inposa ditzatela gure herria kulturalki, ekonomikoki, politikoki eta sozialki libre eta osasunez garatzeko neurriak. Orduan ere izango da ados ez dagoen jendea, noski; baina gutxienez demokrazia egongo da. Lehen bezala prozedura ez da atsegina izango baina emaitza eta ondorioa zilegiak eta demokratikoak izango dira.