Azkoitiaren bilakaera jorratuko du Olatz Arangurenek, Matadeiko bekarekin

Urola Kostako Hitza 2014ko mai. 15a, 11:41

Xabier Gantzarain, Olatz Aranguren eta Imanol Mujika, atzo, bekaren irabazlearen aurkezpenean. (Ane Olaizola)

Azkoitiko Udalak emandako laguntzari esker, azken mendeko Azkoitiko historia soziala landuko du. Aurten 100 urte bete ditu Matadeiko eraikin berriak, eta horren harira abiatu dute proiektua.

Matadaixe ardatz hartuta, herriko historia jasotzeko beka abiatu zuen Azkoitiko Udalak otsailean, eta aurkeztu diren lanetatik Olatz Aranguren azpeitiarraren proiektua aukeratu du epaimahaiak. Irabazleak Matadeixe eta herria lotuko ditu, Azkoitiak azken mendean izan duen bilakaera kontatzeko. "Eraikinaren historia aztertu eta aldi berean herriaren bilakaera ekonomiko, historiko eta sozialarekin lotuko dut", azaldu du Arangurenek. Hala, Matadeixe, hango jendea eta herriaren bilakaera kontuan hartuz, historia soziala landuko du Historian lizentziatuak. Irabazleak 6.000 euro jaso ditu, eta urtebetean gauzatuko du proiektua.

Aurten 100 urte bete ditu Matadeiko eraikin berriak, eta horren harira abiatu dute proiektua; irabazlea jakitun da herriak aldaketa ugari bizi izan dituela azken mendean, baita Matadeixek berak ere. Hori guztia biltzeko, hiru ardatz izango ditu lanak; lehenengo ardatza eraikina bera izango da. "Eraikina animaliak hiltzeko lekua izan zen hasieran. Zentzu horretan, baserrietarrekin zeukan harremanean sakonduko dut, historia soziala egiten joateko". Bigarren ardatzean herriak azken mendean bizi izan dituen garai desberdinak aztertuko ditu, besteak beste ekonomikoki egon diren aldaketak kontuan hartuta. Azkenengoan, berriz, Matadeiko azken 18 urteetako kultur jarduera eta batzarretan oinarritutako mugimendua landuko ditu.

Arangurenek hainbat iturri erabiliko ditu bere lanketan, eta handik sortutako materiala ezagutara eramateko asmoz, hainbat bide proposatu ditu, bekaren emaitzetako bat, hasiera batean, liburua kaleratzea bazen ere: "Liburua argitaratzeaz gain, blog bat zabaltzea, ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak egitea edo erakusketaren bat antolatzea interesgarria izango litzateke, herriak hori guztia jasotzeko aukera eduki dezan".

Albistea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide