Nerea Sancho: "Oso garrantzitsua da gurasoen lana sexualitatearen arloan"

Uztarria.eus 2014ko mai. 15a, 13:20

Nerea Sanchok eskainiko du gaurko hitzaldia.

Sarri, zaila da galderei ihes egitea, haiengandik ezkutatzea. Sexualitateari buruzko itaunak saihestea ez da biderik egokiena Nerea Sancho sexologoarentzat (Donostia, 1978): "Galderak beti egongo dira, eta askoz politagoa da gogoz eta konfiantzaz horiei aurre egitea". Seme-alaben sexualitatea hitzaldia eskainiko du Sanchok gaur, 15:00etan, Gaztelekuan. Haren arabera, "lau ideia sinple" nahikoa dira alor horretan "jarrera egokia" izateko. Sexologoak gogorarazi du hitzaldira joateko aukera ez duten gurasoak jar daitezkeela harremanetan Plax! sexu aholkularitza bulegoarekin.

Zer da, zehazki, sexualitatea?

Sexualitatea sexuazio prozesuaren baitan ulertu behar da: neska edo mutil izatetik, emakumea edo gizona bihurtzera egin beharreko garapen prozesuan, hain zuzen. Ibilbide horretan sentitzen den guztia da sexualitatea.

Haur eta gazteek, oro har, etxetik kanpo hitz egiten dute sexualitateaz?

Esparru askotan hitz egiten da sexualitateaz. Sexualitateaz ari dira telebistako pertsonaia batez hitz egitean, alboko haurrak zer arropa jantzi duen galdetzean edo maitasunari buruz mintzatzean. Beraz, etxean ere jasotzen dute informazioa. Kontua da informazio hori esplizitua edo inplizitua izan daitekeela, hots, nahita gaia aterata edo nahigabean hitz egin daitekeela sexualitateaz. Familia giroan, informazio asko jasotzen da inplizituki. Gaiari  buruz ez baduzu hitz egiten, jada informazioa ematen ari zara: esaten ari zara sexualitateaz edo sexuaz ezin dela hitz egin. Gaurko hitzaldian saiatuko gara gaia naturaltasunez eta ziurtasunez hartzen. Izan ere, oso garrantzitsua da gurasoen lana sexualitatearen arloan.

Zenbait gurasok pentsatzen dute hobe dela seme-alabekin gai horiei buruz ez hitz egitea?

Bai, guraso askok, jaso duten hezkuntza dela-eta, honako ideia dute: "Zenbat eta gutxiago hitz egin gaiaz, orduan eta seguruago egongo dira haurrak". Kontrakoa adierazten dute, ordea, ikerketen emaitzek. Sexualitate-gaiak saihesteak ahulezia sortzen du haurrengan: ez daukate baliabiderik sentitzen dutena kudeatzeko, ez dute konfiantzarik beraien buruan eta ez dakite nora jo.

Ezjakintasuna izan daiteke guraso batzuen kezka?

Bai. Gainera, uste dut ez dagoela taxuzko sexu hezkuntza jaso duten belaunaldi bakar bat ere, oraingoz. Guraso batzuek uste dute ez dakitela ezer sexualitateari buruz, eta ez direla gai seme-alaben galderei erantzuteko. Haiek, jakina, eskubidea dute gauza batzuk ez ezagutzeko; nik ez ditut ezagutzen saskibaloian jolasteko arauak, baina semeak horri buruz galdetuko balit, lagunduko nioke erantzunak aurkitzen. Sexu hezkuntzan gauza bera egin behar da: onartu dezakegu zerbait ez dakigula, beldurra ematen digula edo lotsa sentitzen dugula, baina argi izan behar dugu guk ez dugula nahi sentsazio hori seme-alabentzat. Ez dago, derrigorrez, intimitateez hitz egin beharrik, mila modu daude sexualitateaz mintzatzeko.

Heziketari dagokionez, zer aldaketa egin dira hezkuntzaren esparruan?

Legedia aldatu da, eta hori bada zerbait. Sexu hezkuntza derrigorrezko edukia da, Lehen Hezkuntzatik aurrera. Hala ere, egia da, irakasleen zailtasunak tarteko, legea ez dela betetzen. Askotan, ugalketa soilik latzen dute eskolan, eta sexu arloaren oso eremu txikia da hori. Orain ari dira neurriak hartzen, benetan bete dadin araua.

Esan duzu haurren galderei naturalki erantzun behar zaiela. Seme-alabek gaia ez badute ateratzen, gurasoen ardura da akuilu lanak egitea?

Bai, interesgarria da. Hori bai, 4 urte bitartean galderarik egin ez badute, agian, bururatu ez zaizkielako da. Kasu horretan, ez dago temati jarri beharrik. 7 urtetik aurrera, ordea, litekeena da haurrak pentsatzea ez dituela galderak egin behar sexualitateari buruz; izan ere, haur hori konturatu da itaun horiek egitean, inguruko pertsonak deseroso sentitzen direla eta erantzunak oso laburrak eta lehorrak direla. Horregatik da interesgarria gurasoek gaiak proposatzea, batez ere, inguruak aukerak ematen dituenean: parkean bikote bat musuka ikusten dugunean, bizilaguna haurdun dagoenean, lehengusinak bikotea aurkitu duenean edo marrazki bizidunetan maitasunaz hitz egiten dutenean. Bestela, trafiko arauak ezagutu gabe autoa erostea bezala da prozesua: seme-alabak biologikoki prest egongo dira sexualitateaz gozatzeko, baina ez dute jakingo zer eta nola egin.

Neskekin eta mutilekin berdin landu behar da sexualitatea?

Neskak eta mutilek behar bereziak dituzte, baina pertsona bakoitzak dituelako bere beharrak. Haur bakoitza mundu bat da: oso desberdinak dira anai-arrebak elkarren artean, baita ahizpak edo anaiak elkarren artean ere. Pertsonari egokitu behar gara: adinari, nortasunari, ezaugarriei eta ahalmenei. Hori bai, kontuan izan behar dugu zer mezu bidaltzen dizkiegun: sexualitateaz hitz egitean, ezin dizkiegu arrisku mezuak igorri neskei; eta gizonei, berriz, lorpen eta arrakasta mezuak. Horretarako dago sexu hezkuntza. Bestalde, honakoa ere kontuan izan behar genuke: alabak hilekoari buruz aitari galdetuz gero, egokiena da aitak erantzutea, zerbaitengatik galdetu baitio alabak aitari; eta berdin, alderantziz bada. Gurasoek prest egon behar dute horrelako egoerei aurre egiteko.

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide