Jakina da, gizakia gainontzeko animaliengandik bereizten duen ezaugarri nagusienetakoa, bere ingurunea bere behar eta nahien arabera moldatzeko duen gaitasuna dela. Lurra, ura, airea, petroleoa, elurra, izotza, euria, tximistak, tifoiak, zekaleak, lurtarron jabego dira. Horien ustiapena komunitatearen eta ekosistemaren biziraupena bermatzera bideratuta egotea da berezko araua, naturala. Lurrarekin harmonian, eskaintzen dituen baliabideak modu jasangarrian erabili eta gure biziraupena bermatzeko gaitasuna dugu, garunak logika, matematika, fisika, edota artea, garatu eta hobetzeko aukera ematen digulako. Baina lurra guztion bizi eremu bezala ulertzen ez badugu, ez salerosi eta 'eduki' daitekeen gauza bat bezala, egungo egoerak justifikazio osoa du.
Jabetza pribatuak kapitalismoaren motorra den metaketa ahalbidetzen du, eta metaketaren balantzaren beste aldean gabezia dago. Hau da, metatzen duenak guztia metatu daitekeela ulertzen du, eta metatuaren errentagarritasuna bilatzen. Dena da merkantzia, gauza. Honi men, gabezia duena zapaldua, esplotatua da, metagarria, erabili eta bota daitekeena. Guk uste gabe ere, logika hori jarraitzen dugu; berezkotzat jotzen ditugu, adibidez, Afrikako gosete orokortua, langileriaren zapalkuntza edota genero indarkeria. Bada, horren atzean, jabetza pribatuaren logika besterik ez dago. Zapalduak eta zapaltzaileak gara, aldi berean. Nirea defendatzen dut, partekatu eta gurea bezala ulertu beharrean. Horrela, logika horri jarraituz, gizakiok 'gehiago izan', hobetu baino, 'gehiago edukitzearen' hautua egiten dugu.
Beraz, 'nire' biziraupena bermatu behar dut. Interferentzia munduaren ulerkeran; zaila egiten zaigu ikustea gure parekoen aldeko defentsan bizitzeak besterik ez duela zentzua, eta ulertzen badugu ere, horren arabera ekiten ez zaigu irakatsi. Beraz, beldurra, lotsa eta baztertuak izateko mekanismoek erasotzen gaituzte.
Metaketa mugagabearen mugak
Liberalismoaren sakoneko funtsari heldu behar, beraz. Nahiz eta Hobbes eta zenbait pentsalarik homo homini lupus (gizakia gizakiari otso) eta zenbait antzerako ideien gainean estatuaren sorrera justifikatu, estaturik gabe milaka urtetan bizi izan gara. Ez gara teoria paktistek zioten bezala "ingurune batean, modu isolatuan, segurtasunik gabe eta mehatxu jarrai batean" bizi. Ez dugu itunik sinatu gure artean, ez gara elkarren etsai. Ideia horren ondotik, segurtasun eta jabetza propioaren bermea estatu egituren muin izateak, ekarri gaitu bizi dugun egoerara
Partekatzearen gizatasuna albo batera utziaraziz, ez daukanaren egoeraz arduratzearen aurretik jarri ohi dugu 'gehiago edukitzea', edo behintzat, nik edukitzea. Gure ondasunek gure estatusa indartuko balute bezala. Eta posible da, baina egungo krisi moralak erakusten dizkigun gauzen artean da ondasun, kapital, lursail eta abarren metaketa mugagabeak amaiera daukala, giza ikuspuntu batetik berdinen arteko zapalkuntza besterik ez baitakar eta ikuspegi geobiologiko batetik lurraren baliabideen agortzea.
Maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.