Jose Antxieta santua omenduko dute Urrestillan

Uztarria.eus 2014ko mai. 19a, 19:32

Auzo horretakoa zen Antxietaren aita; eta, horregatik, egitaraua antolatu dute hari omenaldia egiteko. Apirilaren 3an egin zuten santu Jose Antxieta, eta ekitaldiak maiatzaren 23an eta 25ean izango dira.

Urrestillan omenaldia egingo zaio Jose Antxieta santu berriari, maiatzaren 23an eta 25ean, ostiralean eta igandean. Apirilaren 3an izendatu zuten santu, eta, hemendik aurrera, ekainaren 9an ospatuko da haren eguna. Bertakoa zuen aita Antxieta santuak, Antxieta beheko Yuso baserrikoa, hain zuzen. Horregatik antolatu dituzte auzoan hura omentzeko ekitaldiak.

Honako egitaraua prestatu dute bi egunetarako:

Maiatzaren 23an, ostiralean, mahai ingurua egingo dute Ibaigain adinekoen etxean, 19:30ean. Joxe Mari Iriondo izango da ekitaldiko moderatzailea, eta honakoek hartuko dute parte: Jose Maria Etxeberria jesulagunak, Jose Urbistondo Txabarren-ek eta Julian Eizmendi Azpeitiko alkate ohiak.

Maiatzaren 25ean, igandean, meza nagusi berezia ospatuko dute parrokian, 12:00etan. Joxe Mari Etxeberria izango da gidaria, eta herriko abesbatzak kantatuko du. Meza amaitutakoan, Antxieta elkarteak hamaiketakoa eskainiko du.

Antolatzaileek auzoko eta herriko pertsonak gonbidatu dituzte ekitaldietan parte hartzera. Azaldu dutenez, "era xumean, baina maitasunez" ospatuko dute Jose Antxieta santu izendatu izana.

Ibilbide oparoa

Jose Antxieta hil, eta 417 urtera, gogoan dute auzokoek haren historia. Antxieta San Cristobal de la Lagunan jaio zen (Tenerife, Espainia), baina 14 urte egin zituenerako, Portugalgo Coimbra hirira joan zen unibertsitateko ikasketak egitera. Unibertsitatean hizkuntzak ikasteko zuen gaitasunagatik eta literaturarako zein poesiarako zuen erraztasunagatik nabarmendu zen.

Ondoren, Barsilera joan zen mixiolari gisa, eta han irakasle lanetan egin zuen beharra, Piratininga hiriko San Pablo eskolan. Maisua, poeta, idazlea, arkitektua, ingeniaria eta humanista izan zen Antxieta.

19597ko apirilaren 9an hil zen santua, Brasilgo Reritiban hirian. Gaur egun, Anchieta du izena hiri horrek, aita Urrestillakoa izan zuen Jose Antxietaren omenez.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide