Eta badakizu horretan diharduela buru-belarri espainiar estatuko Eliza katolikoaren hierarkia? Erabiltzen dituen nahiz erabili izan dituen elizak, abade-etxeak, lur-sailak..., ahal duen guztia bere izenean jartzen ari da, Francoren 1946ko lege bat eta Aznarren 1998ko dekretu bat baliatuz. Gutizia lotsagarria da, Elizarena lotsagarriago.
Eta badakizu lehia zatar horretan zein izan den aitzindari eta zein den orain artean txapeldun? Nafarroako Eliza, hobeto esan, Iruñea-Tuterako Gotzaindegia: 1998tik 2007ra bitartean, 1.089 ondasun inmatrikulatu zituen (elizak eta ermitak gehienbat, baina baita apaiz-etxe, lokal eta lur-sailak ere, eta zortzi hilerri, eta frontoi bat...), eta auskalo noraino iritsiko zen, nafarrek (kristau asko buru) gotzainari alto eman izan ez baliote. Baina ahal duen heinean aurrera jarraitzen du, eta jarraitzailerik ez du falta atzetik.
Norenak dira gure hiriburuetako katedralak, herrietako elizak, auzoetako ermitak? Norenak dira gure hiri, herri eta auzoetako abade-etxeak, askotan baratze, eskola edo frontoi eta guzti? Eta kanposantuak? Herriak eraiki zituen bere zergaz edo limosnaz, herritar guztiak (ia guztiak) gogo onez edo txarrez eliztar ziren garaian. Herriak berritu izan ditu belaunaldiz belaunaldi, bere dirutik edo bere besoez auzolanean. Herriarenak ziren, Elizak herria ordezkatzen zuenean. Orain, ordea, Elizak ez du herria ordezkatzen. Beraz, herriarena zena herriarena bedi, ez Elizarena.
Noski, Elizak erabiltzen dituen elizak jarrai beza lasai erabiltzen, baina jabe izan gabe, inmatrikulatu gabe. Ondasunak inmatrikulatzen dituen Elizak Ebanjelioaren matrikula galtzen du. "Doan hartu duzuena, eman ezazue doan", esan zuen Jesusek.