Ibarguren bere saltsan

Oier ibarguren izan zen Segurako Santikutz Probako protagonista nagusia. Arratsaldeko 16:00tan 86 txirrindularik lasterketari ekin zioten eta Zegamara bi itzuli egiteaz gain, Ormaiztegi/Lierni itzuliari beste hiru buelta eman behar izan zizkioten. Lehen Zegamako itzulitik ihesaldian izan zen azpeitiarra beste lau txirrindularirekin batera: Paredes (Ampo) Zabaleta (Laguntasuna), Umerez (Ulma) eta Etxabe (Viveros San Anton). Azken bi hauek lehen Lierniko jaitsieran erortzearen ondorioz, gainontzeko biak bidelagun hartuta egin zuen bigarren itzulia. Hala ere, deskonforme, Zabaleta eta Paredes Liernin gora atzera utzi eta bakarlanari ekin zion Oierrek. Zazpi lagun atzetik erreleboka izanagatik 20 segunduko errentari eusten zion, baina azkeneko Lierniko igoerako maldak gogorregiak egin eta zazpikotearen erritmoari ezin izan zion eutsi.

Dani Maiora (Ampo) goierritarrak, bigarren astez jarraian, lasterketeta poltxikoratzea lortu zuen azken kilometroan jotako eraso bati esker. Ibarguren 8.a izan zen, Orbea 21.a eta hirugarrena berriki taldean sartutako Daniel Horrillo izan zen lehen lasterketa amaituz eta bide batez 33. postua eskuratuz. Emaitza horiei esker taldeka 6.ak izan ginen. Esan beharra dago baita ere Ibarguren ez zela esku hutsik itzuli etxera, Mendiko Saria eskuratu baitzuen. (ikus sailkapen osoa)

Larunbat arratsaldean, kadete mailako Gipuzkoako Txapelketa,  Ataun Aian jokatu zen. 74 txirrindularik hartu zuten parte proban.  Lazkaoraino bi itzuli egin behar izan zituzten 48 kilometroko ibilbidea burutuz. Kontrol handiko lasterketa izan zen, beldurrez jotako erasoz beterik, baina inork ez zuen nahikoa tarte ireki. Ataun Aian, amaiera goian zenez, txirrindulariak horren zain gelditu ziren eta une hori aprobetxatu zuten Alonsok (Inoxcra-GoierrikoTB), Irazustak (Limousin-Oriako), Peñagarikanok (Goifiber-Godoy) eta Fernandezek (Bolintxo-Lokatza). Helmugara ordena horretan iritsi zirenez, txapela, Mikel Alonso berak eraman zuen Goierri aldera.

Ezin esan azpeitiarrek lasterketa ona egin zutenik, ez baitzuten beraien burua gehiegi erakutsi. Hala eta guztiz ere, taldekako sailkapenean laugarrenak izan ziren, hein handi batean Odriozolaren (8.) eta Sanjuanen (9.)  beste Top10 bati esker. Taldeko hirugarrena Leon izan zen (25.). (sailkapen osoa ikusi)

Igande goizean, kadeteek errepikatu zuten, Bilatortako XVII. Talleres Guro garaikurrean parte hartuta. Gaztetxoak Garaikurreko hirugarren proba puntuagarria zen, eta honenbestez Odriozolak sailkapen orokorreko 4. postua defendatzen zuen. Lasterketa ez zen nahi bezala joan, erasoak alferrikakoak izan ziren eta Nafarroatik ekarri genuen gauza positibo bakarretakoa Sanjuanen 5. postua izan zen.

Ezin dugu utzi aipatu gabe, asteburu honetan Emakumezkoen Gipuzkoako I. Itzulia ospatu zela Bergara, Tolosa, Billabona eta Zizurkilgo udalerrietan. Itzuli honetan, kadete mailan, Maite Orbea (Caja Rural – Bidebide) azpeitiarrak 20. amaitu zuen sailkapen orokorrean. Mireia Epeldek (Fanini Record – Rox) berriz, Elite mailan lastertu zuen eta 13. postua lortu zuen.

Horrez gain, afizionatu mailako gizonezkoetan, Ion Iriartek (Gipuzkoa) denboraldiko bigarren podiuma lortu zuen Las Cuevas herriko XX. Valdaliga Garaikurrean bigarren eginez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide