Maite Ostra: "Ikastera etortzen direnek aprobetxatzeko moduan antolatuta dago ikastaroa"

Marian Alberdiren eta Maite Ostraren ikasleen lanak ikusgai daude, Betherramen.

Marian Alberdiren eta Maite Ostraren ikasleen lanak ikusgai daude, igandera arte, Betharrameko erakusgelan. Pintura lanak egiten dituzte Alberdirek ikasleek eta josi egiten dute Ostrarenek. Azken honekin hitz egin dugu beren lanaren berri emateko.

Zein lanekin osatu duzue erakusketa?

Hemen dauden lan guztiak ikasleek ikastaroan egindako lanak dira. Erakusketa bi urtean behin egiten da, eta tarte horretako lanak erakusten ditugu, baina kasu honetan, hemen dauden lan guztiak aurten egindakoak dira.

Bi urtean behin egiten duzue erakusketa beraz. Beti egiten duzue margo lanekin batera?

Normalean pinturakoak, eskulanetakoak, gurutze-puntukoak eta guztiok batera egiten dugu erakusketa. Aurten besteek lan nahikorik ez zutela-eta, pinturakoak eta guk prestatu dugu.

Urtean zehar egindako lanak direla diozu. Nola antolatuta dago zuen ikastaroa?

Ikastera etortzen direnek aprobetxatzeko moduan antolatuta dago ikastaroa. Asko etortzen dira josten ez dakitenak, eta makinan josten ikasten hasten dira, konponketak egiteko, edo nahi dutenerako. Josten ikasteko lan batzuk egiten dituzte makinan eta beste batzuk eskuz, oinarrizkoa jakitekoa, eta gero, bakoitzak nahi duena egiten du. Patroiak egiten ikasi nahi badute, horixe ikasten dute, konponketak egin nahi badituzte, konponketak, etxerako kortinak egin nahi dituela norbaitek? Bada kortinak egiten ditu. Horrela antolatuta dago, bakoitzak berak egin nahi duena egiteko zuzenduta. Poltsak-eta egitea gustatzen zaienek ere halaxe egiten dituzte.

Eginaz ikasi, beraz.

Hori da. Eta horregatik, ez ditut 10 lagun baino gehiago hartzen, bestela ezinezkoa baita harreta pertsonala jartzea. Bi ordutegi daude, eta bakoitzean 10 lagun.

Maila guztietako jendea doala diozu?

Bai, jende gaztea dago, unibertsitatean dagoena, emakume helduak... denetik dago! Mutil batzuk ere eduki ditut, hiru edo. Hasi ziren, baina gero utzi egin zuten...

Zenbat urte daramatzatu josten erakusten?

12 bat urte izango dira. Hemen hasi ginen, Betharramen; gero Sindikatu Zaharrean utzi ziguten lokal bat; eta ondoren, Damason daukagun lokala utzi ziguten. Udaletxearen lokalean gaude.

Josteaz aparte, lagunartea egiteko ere balioko du bada ikastaroak?

Bai bai. Inoiz ez dugu arazorik izan. Gure artean harreman ona izan dugu beti, eta afariak-eta ere egin ditugu, Santaluzietan, urte amaieran... Eta gaur ere badugu, Sanagustinen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide