Energiaren faktura ordaintzeko hiru aukera daudela azaldu du KIUBek

Uztarria.eus 2014ko mai. 23a, 18:21

Zenbait aldaketa egin dira energiaren fakturetan, eta herritarrak eredu berria ordaintzen ari dira 2014ko apirilaren 1etik. Kontsumitzaileen Informaziorako Udal-Bulegoak azalpenak eman ditu eta energia ordaintzeko hiru ereduak azaldu ditu.

Argindarraren faktura berriari buruz azalpenak eman ditu KIUB Kontsumitzaileen Informaziorako Udal-Bulegoak. Fakturazio sistema berria 2014ko apirilaren 1ean jarri zen martxan, eta KIUBek 'Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioa' taldean dauden kontsumitzaileentzat informazioa eskaini du.

'Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa' kontsumitzaile-multzo bati dagokio, orain arte 'ABT Azken Baliabideko Tarifa' multzoan zeuden herritarrei, hain zuzen. Beste modu batera esanda, talde horren barruan daude argindarrean, hilean, 10 kW edo gutxiago gastatzen duten kontsumitzaileak; eta gasean, urtean, 50.000 kWh edo gutxiago gastatzen dutenak.

Horrenbestez, KIUBek adierazi du talde horretan dauden kontsumitzaileek hiru aukera dituztela argindarra ordaintzeko:

Lehen aukera: kontagailu analogikoa dutenentzat. Kontsumitzaile horiek Red Electrica Españolak kalkulatutako batez besteko prezioa ordainduko dute. Erakunde hori merkatuen batez besteko kotizazioan oinarrituko da kontuak ateratzeko. Erakundearen webgunean aurki daiteke informazio hori.

Bigarren aukera: kontagailu digitala dutenentzat. Horrelako kontagailua izanez gero, merkatuan finkatutako prezioari erreparatuta fakturatuko da, orduko. Bide hori jarraitu nahi dutenek jakin behar dute enpresa elektrikoek epe bat dutela kontagailu digitalak egokitzeko, eta sistema martxan jartzeko. Hori egin bitartean, kontagailu analogikoaren fakturazioa aplikatuko zaie kontsumitzaileei; lehen aukerari jarraitu beharko diote, beraz.

Hirugarren aukera: urteko tarifa finkoa. KIUBek ez du gomendatzen aukera hori, oro har, garestiena delako. Hirugarren aukera hartuz gero, bezeroak eta enpresak prezioa adostuko dute, urte osorako. Enpresek, gainera, isunak jarri ditzakete, urtea amaitu aurretik aldaketa edo baja eskatuz gero.

Bestalde, KIUBek gogorarazi du energiaren fakturan ordaintzen den %60 zergak direla. Beraz, arestian azaldutako neurriek gainontzeko %40ari eragingo die. Haien arabera, ziurrenik, aldea ez da oso "nabarmena" izango.

Zalantzaren bat izanez gero, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal-Bulegoa irekita egon ohi da 10:00etatik 14:00etara, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. Honako zenbakira deituta jar daiteke harremanetan haiekin: 943 15 71 93.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide