Eñaut Apaolaza: "Herri baten finantza sistemak gizarte eredua bera baldintzatzen du"

Urola Kostako Hitza 2014ko uzt. 16a, 12:53

Azpeitian Bizi eta Lan taldeak Kutxabank-en eredu aldaketaren inguruko jarduerak antolatu ditu. Asteartean elkarretaratzea egingo dute Goiko Kaleko Kutxaren aurrean. Gaur, berriz, hitzaldia eskainiko du Ekai Center-eko Eñaut Apaolazak (Donostia, 1970) 19:00etan Sanagustinen.

Oinarrizkoenetik hasita, Kutxa pribatizatzeak zer esan nahi du?

Apropiazio bat da pribatizazioa baino gehiago, edo hala ikusten dugu guk behintzat. Izan ere, orain arte kutxen gaineko erabakimena administrazio publikoek, aurrezleek, langileek eta gizarte erakundeek bazuten, fundazio egitean gobernu organoan daudenak ez dira kolektibo horietakoak; 15 kideko patronatutik hiru besterik ez dira izango erakunde publikoetakoak. Lehen denona zena orain alderdi batzuek erabaki dute elite batena izatea, elite politiko-finantziero batena. Gainera, organu horren osaera ez dagoenez hauteskunde edo eragingo dion kanpo faktoreen menpe, taldeak berak erabakitzen du hurrengoak zeintzuk izango diren eta elite hori ugaltzen joango da.

Finantza eredu batek nola baldintzatzen du gizartea?
Herri baten finantza sistemak bere egitura ekonomikoa baldintzatzen du. Egitura finantziero batek garrantzia handiagoa ematen badio operazio espekulatiboak egiteari ekonomia errealari baino, sustatu dezake, esaterako, adreiluan oinarritutako ekonomia bat, ekonomia finantziarizatu bat; hori produktu espekulatiboetan oinarritu daiteke, industria albo batera utzita. Berriz, aurrezkia eta ehun produktiboa batzen dituen finantza sistema batek, kutxa batek kasu, ekonomia errealean oinarritutako gizarte bat bultzatuko du eta horrek edukiko dituen baloreak ere desberdinak izango dira. Sistema finantzieroak, beraz, gizarte eredua bera baldintzatzen du. Kutxek beti egin izan dute tradizionalki aurrezkia eta ekonomia errealaren arteko zubilana, eta orain beste joera bat hartzen ari dira, banku anglosaxoien aldera; eta horrek eragina izango du gizartean.

Elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide