Salaketaren atzean inbidia zegoen, seguru, baina denuntzia hura nolabait jantzi egin behar guardia zibil inzibilak eta beti erabiltzen zituzten hitz haiek eskribitu zituzten ohar ofizialean: "Injurias graves al Jefe del Estado". Kuartelean astindu egin zuten, iraindu, umilarazi eta, halako batean, Larrinagako kartzelara sartu zuten. Lau hilabete egin zituen bertan... Lau hilabete haien kondena bete eta gero, guardia zibilak La Salveko kuartelera hots egin zion. Han, lehengoa berriz ere: mehatxu egin zioten, iraindu, eta igande eta jai egun guztietan bertara joateko agindu zioten, goizeko hamarretan ttanko beti. Han, paper bat sinatu eta gero, eta, batez ere, zaindariari gogoak ematen zionean, libre zen Ramon berriz. Horrela joan zitzaion urte hura, eta joango zitzaion hurrengoa ere, Ramonen amak, bidegabekeria hartaz kokoteraino eginda, "nahikoa da!" esan izan ez balu: "Kitto! Hemendik atzera ez haiz kuartelera gehiago joango. Datorrena datorrela! Hire ama nauk, eta guardia zibil zikin horiek zer edo zer nahi badute, datozela nire bila! Ikusiko diagu orduan!". Ramon ez zen La Salvera itzuli, ez igande ez jaiegun, eta guardia zibilek ere ez zioten hots egin, ez zitzaizkion atzetik bila etorri. Garaia heldu zenean, jarrera onaren agiria ukatu zion guardia zibilak, eta ezin izan zuen autoa gidatzeko agiria atera. Franco zuloan sartu zuten arte, eta amnistia legea eman zuten arte ezin izan zuen autoa gidatzeko baimena atera. Horrekin batera, ordea, soldaduskara joan zenean, aurretik izan ez zuen zoria izan zuen. Gazte izanagatik ere, sukaldari jaioa zen Ramon, amaren sukaldean endredoan asko ibilitakoa, hau, hori eta hura dastatzen, hau, hori eta hura galdetzen, eta, horrela, koronelak bere yaterako nahi izan zuen Ramon, semetzat hartu zuen ia-ia, eta nahizu-nahizu eman zizkion etxera joateko baimenak.
Horrela Ramon, Francoren argazki hura, guardia zibilak, eta koronel hura. Gabriel Garcia Marquezen liburuetatik ateratakoa izan zitekeen galiziar hura.
Klarionak Francori
Lehengo batean, hau, hori eta hura irakurtzen ari zela, etorri zitzaion burura: herriko institututik kanporatu omen zuten Agustin. Hamalauren bat urte izango zituen, Francoren argazkiaren kontra klariona tiraka harrapatu omen zuten...
Uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.