Behin kutxak banku-fundazio bihurtuta, pribatizaziorako ateak parez pare ireki dira, eta bide horretatik jarraituko dute nahiz eta herritar askok eta gehiengo sindikal eta sozialak kutxen izaera eta jabetza publikoari eustea eskatu(ekainaren 30ean bertan eta aurreko egunetako elkarretaratze eta mobilizazioak dira horren isla).
Aipatutako alderdiek beraien inguruko 15 lagunen esku uztea adostu dute BBK-ren %68a. Hau bankuaren lapurreta da, gizarteari bere esku zeukan tresna finantzario garrantzitsu bat ostu zaio, eta Ertzaintzak lapurreta hori ekidin beharrean, BBK eta Vital Kutxaren izaera publikoa defenditzen ari zirenen gainean egon da, herritarrak hartu ditu estu.
Fundazioa bihurtzeko bozketa ez egitea eskatu genuen BBK eta Vitaleko asanbladetan. Kutxakoa asanblada irailean izango dugu. Ekin diezaiogun eztabaidari, lasaitasunez, alternatiba ezberdinen aldeko eta kontrako argudioak mahai gaineratuz,... eta utzi bozketa, hurrengo Batzar Orokor batean egiteko, abendura arte bai baitago denbora.
Aspalditik ari gara salatzen Kutxabank IRPH klausula ezartzen ari dela, eta etxe-kaleratzeak ari dela burutzen behin eta berriz. Eta hori gurea bezalako jendarte ustez aurreratu batentzat lotsagarria da.
Jokabide horiek babesten dituztenak, ordea, geure artean dabiltza lasai asko. Hala ere, oraindik lasaiago jardun nahi dute kapitalaren aginduetara, eta banku-fundazio bihurtuta, neurri batean behintzat banka sozial eta erdi-publiko zena (Kutxen eredua), esku eta interes pribatu espekulatzaileen menpe jarriko da.
Banka propioa eta soziala garatzeko bidean aukera on bat galtzear egon daiteke Euskal Herria tamalez. Lapurreta dramatiko samarra da: berriz ere, historian beste askotan bezala, gutxi batzuen diru goseak jende askoren miseria dakar …