Diego Garciari buruzko liburua kaleratu dute, eta salgai da dagoeneko

Uztarria.eus 2014ko uzt. 22a, 15:05

Ezkerretik eskubira, Urrategi Alberdi, Eneko Etxeberria, Txetxu Urbieta, Luis Miguel Landa, Andoni EgaƱa eta Alberto Juzgado, aurkezpenean.

Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko kirol zuzendariak idatzi du liburua, eta berak egin du liburuaren aurkezpena. Aurkezpenean hitza hartu duten guztiek Diegoren izaera azpimarratu dute. Arratsaldetik aurrera salgai izango dira liburuak Azpeitian eta Azkoitian.

Diego Garcia korrikalari zenari buruzko liburua aurkeztu dute gaur, asteartea, Sanagustin kulturgunean. Jendetza bertaratu da, eta aurkezpenaren aurretik Garciaren ibilbideko argazkiz eta bideo zatiz osatutako ikus-entzunezkoa eman dute. Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko kirol zuzendariak idatzi du liburua, eta berak egin du liburuaren aurkezpena. Harekin batera hitza hartu dute, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak, Andoni Egaña bertsolariak, Alberto Juzgado korrikalariak eta Luis Miguel Landa Garciaren entrenatzaile izandakoak.

Aurkezpenean hitza hartu duten guztiek azpimarratu dute Diego Garciaren izaera. "Pertsona ezinhobea" zela esan dute guztiek, eta halakoak aurkitzea kosta egiten dela ere esan du Luis Miguel Landak Garciak. Garciak zituen hiru ezaugarri ere aipatu ditu: "gogoa edukitzea, balio izatea eta ahal izatea". "Hirurak zituen Diegok. Dena utzi zuen atleta izateko, inguru egokia zuen nahi zuen hori egiteko, eta ahalmena ere izugarria zuen. Gainera, burdinezko gorputza zuen, eta ezinhobea zen".

Alberto Juzgadok ere hartu du hitza, eta esan du "anaia zaharra" zuela Diego: "Batera bizi izan genuena ahaztezina izan zen. Nire anaia zaharra zen. Guztia zen niretzat".

Txetxu Urbietak esan du Diegok hiru "idolo" zituela, eta horietako bat zela Andoni Egaña: "Hiru idoloetan handiena eta kuttunena Andoni Egaña zuen Diegok. Bertsozalea zen. Andoniren bertsoen zalea. Beti esaten zuen, 'ederra da txapeldun olinpiko izatea, baina ederrena izango da Euskal Herriko Bertso Txapelketako txapelduna izatea'".

Aurkezpen ekitaldian izan da Andoni Egaña ere, eta laudorioak izan ditu Diegorentzat. Kirol lanetarako "gogorra" zela, baina lagunarterako "biguna" azaldu du. "Apala zen, eta ez edonolakoa, baina bai edonorakoa", adierazi du bertsolariak. "Adiskidea nuen, eta oraindik ere Loiolatik pasatzen naizenean ezin izaten dut irudiari begiratu gabe igaro. Hasieran triste jartzen nintzen, baina orain irriparra nagusitzen zait, Diegorekin pasako momentuak gogoratuz".

Urbietak azaldu duenez, "beti zorretan geunden Diegorekin". "Juan Mari Olaizolak beti esaten zidan zerbait egin behar genuela, beti geunden-eta zorretan Diegorekin. Ikusten genuen Diego ez zela ahaztuko, eta ezagutu genuenok bagenekien nolakoa zen. Baina ondorengoei haren izena ez ezik, Diego Garciaren izenaren atzean zegoen pertsona eta atleta ezagutaraztea nahi izan dugu".

Lehenengo liburua Diego Garciari eman zioten hilerrira: "Hilerrira joan ginen eta Diegoren anaiak liburua eman zion korrikalari zenari. Gero, eman genien Garciaren amari eta arrebari".

Salgai dagoeneko

Gaurtik aurrera eskuratu ahal izango da Diego Garciaren liburua, 20 euroren trukean. Azpeitiko Aradi kirol-dendan eta igerilekuan, nahiz Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan eta kiroldegian eskuratu ahal izango da. 224 orri ditu liburuak, eta beste hainbeste argazki. Gasciaren gertuko 34 lagunek idatzi dute liburua. Urbietak jakinarazi duenez, "liburu modernoa eta irakurterraza" da. Horrez gain, herriko eta inguruetako enpresek, tabernek eta saltokiek emandako laguntza ere azpimarratu dute, eta Azpeitiko eta Azkoitiko udalentzat ere esker hitzak izan dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide